Inauterietako kartel lehiaketa antolatu du Udalak
Urtarrilaren 22a bukatuko da lanak aurkezteko epea eta bakoitzak, gehienez, hiru lan aurkeztu ahal izango ditu.
Zumaiako Udaleko Kultura Sailak aurtengo inauteriak iragartzeko, kartel lehiaketa antolatu du. ‘Zumaiako Inauteriak 2010’ izango da kartelaren gaia eta deialdia zumaiarrei zuzenduta dago. Bakoitzak, gehienez, hiru lan aurkeztu ditzake eta erabiliko den teknika marrazketa izango da -era digitalean aurkeztutako lanak ere ontzat emango dira-. Din A3 formatuan aurkeztu beharko dira lanak, eta egilearen izena eta datuak kartazal itxi batean aurkeztu beharko dira.
Urtarrilaren 22a baino lehen
Lanak urtarrilaren 22a baino lehen aurkeztu beharko dira Foronda Kultur Etxean eta epaimahaia Festa Batzordeak osatuko du. Kartel irababazlearen egileak 380 euro jasoko ditu sari gisa eta kartela Udalaren esku geratuko da, inauterietako festa egitaraua kaleratzeko erabiliko baita.
Gero, aurkeztutako kartelekin, Forondan erakusketa egiteko aukera aztertuko da, eta irabazle atera ez diren kartelak, erakusketa itxi eta hurrengo 15 egunean jaso ahalko dira.



