Indarkeria matxista jasan dutenei arreta, babesa eta kontzientziazioa indartzeko protokoloa osatu dute Zumaiako Udalak eta hainbat eragilek

2012/11/26

Erasotutako pertsonei ahalik eta laguntza eta babes egokiena emateko elkarlana eta koordinazioa indartzeaz gain, indarkeriaren hainbat alderdi jorratzea du helburu protokoloak.

 

Indarkeria matxista egungo gizartearen arazo larrienetariko bat da, eta Zumaia ez da salbuespena. Herritarren balioetan barneratuta dauden harreman ereduen ondorio dira emakume eta gizonen artean sortzen diren bote harremanak. Eta botere harreman desegoki horien ondorio larriena da emakumeen kontrako indarkeria matxista. Indarkeria kasu ikusgarriak daude: aurten Zumaian, adibidez, 6 lagunek eskatu dute arreta poliziala, eta Udalaren Gizarte Zerbitzuetara 10 lagunek jo dute era bateko edo besteko laguntza eske. Hala ere, badira ikusezinagoak diren beste indarkeria kasu ugari ere; psikologogikoak, ekonomikoak edo sinbolikoak.

 

Arazo honek ez du etenik, eta protokoloa sinatzen dugunok,  hartutako neurrien bidez, erasotutako pertsona horiei ahalik eta laguntza eta babes egokiena emateko elkarlana eta koordinazioa indartzeaz gain,  indarkeriaren hainbat alderdi jorratzea dugu helburu; hala nola, prebentziokoak, hezkuntzakoak, gizartekoak, osasunekoak, laguntzakoak, babestekoak, etab. Protokolo honen bidez, feminismoak aldarrikatzen dituen harreman eredu parekideen kontzientzia lantzea eta indartzea dugu helburu indarkeria matxistari aurre egiteko tresna nagusi gisa.

 

Horretarako,  10 puntuko protokoloa landu dugu herriko eragileon artean, eta gaurkoan sinatuko dugu.

 

Honakoak dira Protokoloan zehaztu ditugun 10 puntuak:

 

  1. Genero indarkeria jasan duten pertsonen interesak bermatzea eta haien eskubideak babestea.

 

  1. Arreta berehala eta bizkor eskaintzea, bereziki babesgabetasun larri eta premiazkoen kasuetan.

 

  1. Profesional egokien lana baliatzea indarkeria-egoerak errepika ez daitezen.

 

  1. Erakunde bakoitzean,  ordezkoa izendatu arduraduna ez dagoen uneetarako (opor garaian, bajak…)

 

  1. Protokoloan adierazitakoa hedatu horrelako auzietan inplikatutako profesionalen artean.

 

  1. Protokolo hau erakunde sinatzaileen jarraibidea izatea.

 

  1. Erakundeen arteko koordinazioari eustea, protokoloan zehazten den bezala.

 

  1. Protokoloan zehaztutako koordinazio mekanismoen artean,  hainbat gizarte eragileren parte-hartzea eta inplikazioa sustatzea: gurasoen elkarteena, ikastetxeena, herri eragileena…

 

  1. Koordinazio, jarraipen eta prestakuntzarako egiturak sortzea, Zumaian erasoak pairatu dituzten emakumeei ematen zaien arreta hobetzeko.

 

  1.  Zumaiako Udalaren berdintasun politikekin lerratzea Genero indarkeriaren aurkako esku-hartzeak, emakumeen aurkako indarkeria desagertze bidean jartzeko.

 

Gaurkoan parte hartu duten erakundeak

 

Zumaiako Osasun Zentroa (Osakidetza), Ertzaintza, Maria eta Jose ikastetxea, Herri Eskolako ikastetxea, Oikiako eskola, Zumaiako Udalaren Berdintasun eta Gazteria Saila, Udaltzaingoa eta  Gizarte Zerbitzuak.

 

Zumaiako Udalak herriko eragileei arazo honen aurrean agertutako konpromisoa eta agertutako elkarlanerako prestutasuna eskertu nahi ditu.

 

 

Protokoloaren jarraipena

 

Protokoloan parte hartzen dugun eragileok mahai teknikoa ere osatu dugu, protokoloaren etengabeko ebaluazioa egiteko. Azken finean, dokumentu dinamikoa egin nahi izan dugu, denboraren poderioz atzeman ditzakegun gabeziak zuzendu edo egokitu ahal izateko.

 

Koordinazio mahaiak hiru betekizun nagusi izango ditu: Protokoloa eta eragileen arteko koordinazioa baloratzea; hautemandako beharretatik abiatuta, zerbitzu berrien proposamenak egitea; artatutako emakumeen ezaugarriak jakitea, azterketa estatistikoak egin  udal politikak hobetzeko.

 

Protokolo hau indarkeria mota horri aurre egiteko pauso garrantzitsua da, baina oraindik ere asko dugu egiteko. Genero indarkeriari aurre egiteko herritar guztion konpromisoa da benetako erronka, eta horretan ez dugu etsiko, buru belarri ari gara, eta horretan jarraituko dugu.