Indarkeria matxistaren aurkako egunaren harira antolatutako ekimenak aurkeztu dituzte
Azaroaren 25ean Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna izango da. Horren harira, Zumaiako Udalak ekimen eta ekintza ugari antolatu ditu, herriko eragileekin batera.
Agerraldia egin dute gaur goizean Zumaiako eragile, elkarte eta instituzioetako ordezkariek. Zumaiako Udaleko Berdintasun Sailak elkarte ugari izan ditu lagun aurtengoan ere, “Zure egia, guztion ardura” lemapean. Udaletxeko pleno aretoan elkartu dira ordezkari guztiak: Udal Gobernuko kideak; EAJko udal ordezkariak; Zumaiako Insitutuko, Herri Eskolako, Zumaienako eta Soldadura Eskolako irakasle eta ikasleak; Berritzeguneko langileak; Aldarte elkarteko ordezkaria; Udal Musika Bandako musikariak; eta Emakumeon* Etxea Elkarteko, Malen Etxeako, Berdintasun Foroko eta Mugimendu Feministako partaideak.
Maider Alberdi Berdintasun zinegotziak “lehentasunezko konpromiso politikotzat” agertu du indarkeria matxistaren adierazpen guztien kontrako lana. Era berean, eragile eta elkarteei eskerrak eman dizkie, eta aurrerantzean ere, “instituzioak eta, herritar eta eragileak elkarrekin lanean jarraitzeko” deia egin du.
Indarkeria matxistaren egiturazko izaera nabarmendu nahi izan du Alberdik: “indarkeria matxista ez da kasualitate hutsa, eta ez dira kasu isolatuak”. “Emakumeak indarkeriaz tratatzen dituen sistema baten ondorio dira, sistema patriarkalaren ondorio”. Feministei erreferentzia eginez “indarkeria izeberg bat bezalakoa” dela azaldu du, “erailketak ikusten ditugu, baina horren oinarrian egunerokoan emakumeok bizi behar ditugun mila eraso desberdinek osatzen dute”.
Azaroak 25 Indarkeria Matxistaren Nazioarteko Eguna EGITARAUA
Indarkeria matxista Zumaian
Alberdi zinegotziak azken urteko indarkeria kasuen berri eman du agerraldian. Zumaian, 2019. urtean, indarkeria matxistaren bost kasu berri izan dira, eta 2018ko hiru kasu artatu dira. Bost kasu horietatik bitan seme-alabak ere indarkeria jasan dute, “horiek ere indarkeria matxistaren biktima zuzenak dira”.
Erasotzaile eta erasotuen arteko harremanari dagokionez, kasu guztietan ezkontidea, bikotea edo bikote ohia izan dira erasotzaileak; “horrek adierazten digu, gehienetan, erasotzaileak gertuko pertsonak izan ohi direla, eta gatazkaren garrantzia erakusten digu, emakumeok indarkeria gehienak etxean eta gertukoengatik jasotzen ditugun heinean”, adierazi du Alberdik.
Erasotuaren adinari dagokionez, 35 eta 66 urte bitarteko emakumeak dira; erasotzaileak, 32 eta 53 urte bitarteko gizonezkoak. Bi kasutan, adin-txikiko seme-alabek ere indarkeria jasan dute.
Bost kasu horietan, hiru emakumek jarri dute salaketa eta gainontzeko biek ez dute salatu nahi izan. Maider Alberdiren arabera “datu horrek adierazten digu, egun oraindik eremu judiziala eta poliziala ez direla behar adina konfiantzaz bizi, eta asko dugu egiteko zentzu horretan”.
Aipatutako horiek, Zumaiako Udaleko Gizarte Zerbitzuen bidez jasotako datuak dira. Ertzaintzaren datuen arabera, sei izan dira kasuak, baina Berdintasun Zinegotziak azaldu duen moduan, egun ez dago kasu horiek berdinak diren ala ez jakiteko modurik: “instituzioen artean informazioa trukatzeari dagokionean hutsune handiak daude egun, eta horretan ere badugu zer egina”.
Berdintasun zinegotziaren esanetan “kasu bakarra asko litzateke, baina are gehiago, jakin badakigu kasu gehiago daudela Zumaian bertan, kasu gehienak ez baitira instituzioetara iristen”.
“Guztion ardura”
Maider Alberdi zinegotziak indarkeria matxistari aurre egitea “guztion ardura” dela azpimarratu du. “Herritar, eragile eta instituzioen jarrera aktiboa ezinbestekoa da indarkeria matxistari aurre egiteko”.
Bi zentzutan lana egiteko beharra adierazi du: “alde batetik, emakumeak ahalduntzeko espazioak sortu behar ditugu eta emakumeak subjektu aktibo gisa hartuko dituzten esku hartzeak bultzatu behar ditugu, berbiktimizazioa saihestuz; hala ere, emakumeen ahalduntzeaz gain, ezinbestekoa da gizonek bere gain duten ardura hartzea, pribilegioen inguruan hausnartu eta zalantzan jarriz”. Horretarako, gizonei bideratutako hausnarketa espazioak bultzatuko dituztela aurreratu du Alberdik.
Egitarau zabala elkarlanean
Agerraldian ordezkatuta egon diren eragile guztiek parte hartu dute beste urte batez azaroaren 25aren harira antolatutako egitarauan.
Lehen hitzordua OSGI gorroto delituei buruzko dokumentala izango da. Aldarte zentroak gidatuko du solasaldia, eta LGTBI+ kolektiboko emakumeen jasaten dituzten indarkerietan jarriko dute arreta.
Eskoletako irakasle eta ikasleek "Tratu ona guztiona" lemapean giza kateak egingo dituzte aurten, eskualde osoko heziguneekin batera eta Hezkidetza Foroaren baitan (Hezkidetza Foroa, hezkidetzaren eremuan elkarrekin, herri desberdinek eta herri bakoitzean udalak eta ikastetxe desberdinen arteko erakundea da).
Malen Etxea emakume migranteen elkarteak etxeko langileen esklabutza egoera salatuko du, emakume migranteek jasaten duten indarkeria matxistaren adierazpen nagusi moduan. Horretarako, Maitane Subijanak zuzendutako "Malen Etxea" dokumentalaren proiekzioa antolatu dute. Horretaz gainera, emakumeen aurkako indarkeria salatzeko performancea egingo du. Puerto Ricoko emakumeen erresistentzia borroka kontatzen duen dokumentalaren proiekzioa ere antolatu du elkarte honek.
Mugimendu Feministak pasa den urtean abiatu zuen "Kontatu" dinamikari jarraipena emango dio aurtengoan. Zumaiako emakume artisten lanekin osatutako erakusketa kolektiboa antolatu dute, ahalduntzean eta osatze feministan arreta jarriz.
Azaroaren 28tik aurrera Emakunderen autobusa egongo da Zumaian, eta bertan hainbat ekimen egingo dira. Besteak beste, eskoletako ikasleekin tailerrak.
Beste eragileek ere ekimen ugariren antolaketan hartu dute parte. Hemen ikusi daiteke egitarau osoa:
Azaroak 19, asteartea · 18:00etan, Alondegiko Oxford aretoan.
OSGI gorroto delituei buruzko dokumentala (gazteleraz) eta solasaldia (elebitan). Aldarte zentroaren eskutik.
Azaroak 21-abenduak 8 · Alondegian
Kontatu·Osatu erakusketa. Zumaiako Mugimendu Feministak antolatuta.
Azaroak 22, ostirala · 19:00etan Kofradian
OCP & ZUMB banden kontzertua. Zumaiako Udal Musika Bandak antolatuta.
Azaroak 24, igandea · 12:00etan
Performancea: "Camino de las flores (desfile de novias)"
Azaroak 25, astelehena
- 11:00etan Zumaiako eskolen giza katea Eusebio Gurrutxaga plazatik hasita. Hezkidetza Foroak antolatuta.
- 19:00etan elkarretaratzea Saregileen plazan, Mugimendu Feministak deituta.
Azaroak 28, osteguna
BERDINTASUNERAKO GUNEA (Emakunderen autobusean), Eusebio Gurrutxaga plazan
- Goizean eskolekin tailerrak
- 18:00etan dokumentala: "Malen Etxea"
Azaroak 29, ostirala
BERDINTASUNERAKO GUNEA (Emakunderen autobusean), Eusebio Gurrutxaga plazan
- 10:00etan Lanbide Hastapeneko ikasleekin tailerra
- 18:00etan "Klimática, la lucha de las mujeres de Puerto Rico", Malen Etxeak antolatuta
Abenduak 2, astelehena
BERDINTASUNERAKO GUNEA (Emakunderen autobusean), Eusebio Gurrutxaga plazan
- Goizean eskolekin tailerrak
Azaroak 25 Indarkeria Matxistaren Nazioarteko Eguna EGITARAUA