Indarkeria matxistari aurre egiteko, ezinbestekoa da elkarlana
Azaroaren 25a datorrela eta aurtengo indarkeria kasuak eta tipologia plazatu dira gaur. Eragileen arteko elkarlana ezinbesteko tresna dela nabarmendu da, eta prebentzioaren garrantzia ezinbestekotzat jo dute eragile guztiek.
Azaroaren 25ean nazioartean Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Eguna izaten da. Data hori aitzakia hartuta, Zumaiako hainbat eragile eta Udalak herrian arazo sozial larri horri aurre egiteko herrian egiten den lanketa azaltzeaz gain, aurten, Zumaiako Udalak jaso dituen indarkeria kasuen berri eman dute. Horretarako elkartu dira, ikastetxeetako arduradunak (Oikiko eskola, Mari aeta Jose, Herri Eskola eta institutukoak), herriko osasun etxeko familia medikua, Berdinatsun Foroko kideak, Udaleko Berdintasun teknikari eta Zinegotzia eta Gizarte Zerbitzuetako teknikaria.
Guztiek bat egin dute indarkeriaren lanketa zeharlerroan landu beharrekoa dela, eta prebentzioan egin beharreko lana ezinbestekoa dela azaltzean. Maitane Agirre Berdintasun zinegotziak eragileen lana txalotu eta eskertu du, eta hartutako bide hori dela arazo horri aurre egiteko gakoa azaldu du.
2014ko datuak
2014an, orain artean, Zumaiako Udalera indarkeria matxista jasandako 7 pertsona berri joan dira laguntza eske, kasu guztietan emakumeak izan dira. Indarkeria matxista jasan duen pertsonari lehenbailehen harrera eta arreta integrala eskaintzen zaio Gizarte Zerbitzuetan. 7 kasuei, harrera, informazio eta egoeraren jarraipena eskaini zaie. 3 emakume laguntza psikologikoa jasotzen ari dira eta batek larrialdi eta harrera zerbitzua jaso du. Indarkeria motari dagokionez, lauk indarkeria fisikoa eta psikologikoa jasan dituzte; kasu baten indarkeria fisikoa eta beste bi kasuetan indarkeria psikologikoa.
Erasotuak, Emakume gazteak izan dira , batez ere; 25-49 urte tartekoak hain zuzen. Erasotzailearen profilari buruz, aipatu, 18tik 65 urtera bitarteko gizonezkoak direla. Eta jaioterriari dagokionez 4 EAEtik kanpokoak izan direla.
Urtean guztira 18 kasuri egin diogu jarraipena, 12 pertsonak jaso dute laguntza psikologikoa. 18 kasu hauetatik 7ri itxiera eman diogu, beharrezko esku-hartze eta jarraipenak egin ondoren.
Azken urteotako kasu gehien
Azken urteetako datuetan oinarrituta aurten inoiz baino kasu gehiago hartu dituzte Gizarte Zerbitzuetan: 2011. urtean 3 kasu, 2012. urtean 4 eta 2013. urtean 2 herritar eta, aurten, 7. Ertzaintzak jasotako datuen arabera, beraiek Zumaiako 15 kasu artatu dituzte. Eta gaur egun, 6 urruntze agindu daude indarrean Zumaian.
Pili Alberdi Gizarte teknikariak azaldu duenez Bi irakurketa egin daitezke aurtengo kasu kopuruaren aurrean: “Gero eta emakume gehiago ausartzen dira indarkeria egoerak saltasen, edota indarkeria egoerak gehitzen doaz eraikitzen ari garen gizartean hutsune nabarmenak ditugulako”.
Ezkutuan gordetzen den indarkeria
Rosa Azkue Zumaiako osasun etxeko medikuak osasun etxean ezarritako protokoloa jarraitzen dutela erasoen aurrean, eta indarkeria jasandako pertsonak gizarte zerbitzuetara bideratzen dituztela aurrera egiteko informazio eta baliabideak eta babesa jasotzeko. “Aurtengo kasurik larriena, bortxaketa bat izan da, eta horrelako kasuetan larrialdietara bideratzen dugu kasua ginekologo eta forenseak ikus dezaten”, azaldu du.
Baina bada larritzeko beste arazo bat ere: “Zumaian, oraindik orain badira indarkeria matxistari aurre egiten ez dioten emakumeak. Hau da, badira jasaten dutenaren berri eman eta neurriak hartzera ausartzen ez diren emakumeak. Asko 40-50 urte inguruko emakumeak dira, familiako amak, autonomia ekonomiko txikia dutenak, eta jasaten duten indarkeria matxista beste arazoren baten ondorioa dela uste dutenak”, azaldu du. Horrelako kasuen aurrean, oraindik orain lana sko egiteko dago.
Prebentzioa da gakoa
Karmele
Gomez Berdintasun teknikariak azaldu bezala, “prebentzioa da indarkeria
matxista ekiditzeko biderik onena. Eta, horretarako ezinbestekoa da emakume eta
gizonen arteko erlazioaren ikuspuntu globala aldatzea eta berri bat eraikitzea;
gizarteko roletan, estereotipoetan, hizkuntzan… Aldaketa horiek pertsona
helduetatik hasi beharko lirateke, haurrek haiengandik ikasi dezaten eta eredu
bezala har ditzaten”.
Garrantzitzua da norberak ideiak argi izatea, harremanei buruzko ideiak
(emakumearen papera, zeri uko egin eta zeri ez zure bikoteagatik… norberak bere
burua eta baloreak ezagutzea ezinbestekoa da. Beste pertsonaren baloreek zure
baloreekin bat egiten ez dutenean jakin eta antzeman behar da, eta inoiz ere
uko egin bakoitzarentzat garrantzitsua den zerbaiti.
Horregatik guztiagatik, uste dugu behar-beharrezkoa dela ikastetxeetan gaiari behar duen garrantzia ematea, eta, zalantzarik gabe, hezkidetza da biderik egokiena.
Ikastetxeetako arduradunak ere bat etorri dira prebentzioa gakoa dela azaltzen. Ikastetxe bakoitzak hezkidetza programa bat du abian, baina programa zabalago baitan eta zeharlerroan lantzen dute.
Hezkidetzarekin batera, pertsonen identitatea lantzea ere ezinbestekotzat jo dute ikastetxeetako arduradunek.



