Indarrez dator Euskal Kosta Krosa

2017/09/14

21.097km-ko distantzia izango duen maratoi erdia datorren irailaren 30ean ospatuko da arratsaldeko 17:00etan. Zumaian hasi eta bukatuko da eta bertatik abiatuta Zarautzerainoko joan etorria egin beharko dute korrikalariek, tartean Getariatik pasatuz.

Jada 15 egun eskas gelditzen dira gure kostaldea zeharkatuko duen Euskal Kosta Krosa deituriko erdi maratoiaren lehen edizioa ospatzeko eta horren harira, eguneko egitarauaren zein lasterketaren inguruko xehetasunak azaldu dituzte antolatzaileek gaur goizean Zelai Talasoterapia Zentroan eginiko aurkezpenean. Bertan izan dira Zumaiako kiroletako zinegotzia Gotzon Enbil eta teknikariak Antxon Alberdi eta Fran Aizpurua, Zarauzko alkateorde Jesus Arana eta Zumaiako Telmo Deun arraun elkarteko ordezkaria Angel Etxaniz.

Abuztuan iragarri bezala, Euskal Kosta Krosa lasterketa ibiltaria izango da, hau da, urtetik urtera gure kostaldeko herri desberdin batetik abiatuko da eta lehen edizio honetan Zumaia izango da lasterketaren abiapuntu zein helmuga. Datorren urtean, aldiz, Zarautzen hasi eta bukatuko da eta hirugarrenean, Getarian. “Balore eta baliabide anitzeko bailara osatzen dugu eta ildo horretan, ezinbestekoa ikusi dugu, guztiok, indarrak batuta, aniztasun eta xarma hori indartuko dituen kalitatezko lasterketa bat antolatu eta korrikalariak mimatzea”, adierazi du Jesus Arana, Zarauzko alkateordeak.

Lasterketaren jatorria

Gotzon Enbilek Euskal Kosta Krosaren jatorria argitu du: “Udaleko teknikariek antzeman zuten beharrezkoa zela Zakila Bira lasterketari nolabaiteko bultzada ematea eta ikusirik kostako errepidean zehar jende ugarik egiten zuela korri, errepide horrek bailarako hiru udalerri elkar lotzen dituela aintzat hartuz, egokia iruditu zitzaigun ibilbide hori ardatz izango zuen lasterketa bailara mailan antolatu eta sustatzea, modu honetara ere, gure kostaldea eta gure bailara indartu eta ezagutzera emanez”, azaldu du.

Ibilbidearen nondik-norakoak:

21.097km-ko erdi maratoi hori irailaren 30ean ospatuko da, arratsaldeko 17:00etan. Ibilbideari dagokionez, kostako errepideari helduz, N-634 errepideari, hain zuzen, Zumaiatik Zarautzera bitarteko joan etorria egin beharko dute korrikalariek, tartean, noski, Getariatik pasatuz.

Noski, ibilbide guztiak zehar anoa-postu ugari egongo dira urez hornituta korrikalari guztientzat eta segurtasuna ardatz, boluntarioak, motorrak, txirrindulariak eta anbulantziak egongo dira Zumaia, Getaria eta Zarautzen korrikalariak zaintzeko.

Parte hartzaileak eta sariak

Euskal Kosta Krosa izaera herrikoia duen erdi maratoia da, horrenbestez, goi mailako korrikalariez haratago, 16 urtetik gorako lagun orok parte hartu ahal izango du eta haien parte hartzea da, hain  zuzen, lasterketa horrekin bultzatu nahi dena. Halaber, ildo horretan, aniztasun funtzionala duten lagunak ere antolatzaileekin harremanetan jarri eta parte hartzera gonbidatu ditu Antxon Alberdi kirol teknikariak.

Ondoren, Fran Aizpuruak sarien inguruko xehetasunak azaldu ditu. Horiel horrela, Euskal Kosta Krosean, nagusi maila edo maila orokorraz gain, bi azpi kategoria nagusituko dira: gazteena lehena (16-19 urte bitartekoa) eta beteranoena bigarrena (40 urtetik gorakoena). Korrikalari guztiek 2 ordu eta erdiko muga izango dute lasterketa amaitzeko.

Sariei dagokionez, maila orokorrean, lehen sei gizon eta sei emakume bizkorrenek honako sariak jasoko dituzte:

  • Lehen postua: Txapela + 1.000€ + saria
  • Bigarren postua: 600€ + saria
  • Hirugarren postua: 200€ + saria
  • Laugarren postua: 100€ + saria
  • Bosgarren postua: 75€ + saria
  • Seigarren postua: 50€ + saria

Kategoriei erreparatuz, aldiz, gazteen mailan, 16-19 urte bitarte lehen hiru gizon eta emakumeek ere oparia jasoko dute eta gauza bera beteranoen mailan.

Halaber, Euskal Kosta Krosa bailara mailan antolatutako lasterketa izanik, bailarakoak diren kategoria bakoitzeko (nagusia/orokorra, gazteak eta beteranoak) 3 gizonezko eta emakumezko bizkorrenek ere sari bana jasoko dute.

Horrez gain, noski, korrikalari bakoitzak sari bana jasoko du parte hartzeagatik eta hori gutxi balitz, guztien artean opari gehiago ere zozketatuko dira.

Eta sariekin amaitzeko, lasterketa aurretik urtero omendu bat egongo dela iragarri dute eta bide horretan, aurtengo txanda Zumaiako Nagusilan boluntario elkarteari dagokio.

Eguneko ekintza egitaraua

Euskal Kosta Kroseko lehen edizio honi indarrez eta gogoz heltzeko, ekintza egitarau zabala antolatu da guztien gozamenerako. Ildo horretan, lasterketaz haratago, goizeko 12:00etan Zarautz, Getaria, Orio eta Zumaia arteko estropadak egingo dira eta ordu berean, Saregileen plazan (Pulpo elkartearen parean) hegaluzea parrillan eginda dastatu ahal izango da, guztia noski, musikaz girotuta.

Arratsaldean, aldiz, erdi maratoia izango da protagonista nagusia. 17:00etan abiatuko dira korrikalariak Eusebio Gurrutxaga plazatik eta orduz geroztik arratsaldeko 20:00ak arte, Zumai txarangak herriko kaleak girotu eta alaituko ditu. Sari banaketa plazan bertan egingo da 19:15ean.

Estropadak

Egitarauaren barne, goizean jokatuko diren estropadne berri ere eman du Zumaiako Telmo Deun Arraun Elkarteko Angel Etxanizek. “Dinamika bizia izango duen estropada izango da”, adierazi du.

Hori horrela izan dadin eta guztiek guztien aurka joka dezaten,  spring moduko 3 txanda antolatu dituzte, 500 metro inguruko ibilbidearekin Gernika pasealekuko zubitik kirol portura bitarte, hain zuzen. Txanda bakoitzeko irabazleak 2 puntu jasoko ditu eta gainerakoek bana. Horrela, puntu gehien lortzen dituzten bi taldeek bandera jokatuko dute eta beste biek, aldiz, 3 eta 4. postuak.