Ingurumena zaintzeko helburuarekin, hondartza-hezitzailea jarriko du Udalak uda partean hondartzetan
Itzurungo eta Santiago hondartzetan, ingurumena errespetatzeko zaintza, kontrola eta informazioa eskainiko ditu langileak. Egitasmoa ISO 14001 proiektuarekin koordinatuta ariko da.
Zumaiako Udalak udalerriak duen ingurune aberatsa zaintzeko helburuarekin, urrats berri bat ematear da. Izan ere, Ingurumen Sailak bultzatuta, Udalak hondartza-hezitzaile bat jarriko du uda partean Zumaiako bi hondartzetan. Mari Bernal zumaiarrak beteko du hezitzaile postu hau eta bere esanetan, “hondartzetan zentzuzko jarrera eta erabilerak bultzatzea izango da nire lana”. Ingurumen ikasketak eginak ditu Bernalek eta esan du, “hondartzen kalitatea hobetzea” izango dela helburua, “horrekin, gure bizitza kalitatean ere hobekuntzak emateko”.
Andoni Etxaniz Ingurumen zinegotziak azaldu duenez, "ISO 14001 proiektuaren lanketa barnean kokatzen da egitasmoa, eta besteen artean, honako funtzioak izango ditu hondartza-hezitzaileak: hondartzetan ingurumena errespetatzeko zaintza, kontrola eta informazioa eskaintzea, uraren kalitatearen inguruko informazioa helaraztea, hondartzen eta inguruko ekosistemen ingurumen baloreak transmititzea, edota jarritako edukiontzien erabilpen zuzenaren inguruko argibideak ematea".
Ekainetik irailera hondartzetan
Aitor Ibarguengoitia Ingurumen teknikariak argitu du dagoeneko lanean hasita dagoela hondartza-hezitzailea: “orain aurre-lan batzuk prestatzen ari da, eta ekainaren 15ean hasiko da hondartzetan. Hondartzez gain, Arbustaingo arrapala, Gernikako parkea edota Infernupe Algorriko kaletan ere jarraipena egingo du hondartza-hezitzaileak”. Irailaren 15era bitartean ariko da Bernal hondartzetan lanean. Gero, jasotako informazioa landu eta txostena egingo du.
Mari Bernalek argi utzi nahi izan du bere lana ez dela izango hondartzetako udaltzainen parekoa: “ez dut isunik jarriko, eta ezta jendea obligatuko zenbait betebehar zehatz egitera. Lan nagusia jendea informatzea, sentsibilizatzea eta jarrera onak bultzatzea izango da”. Horretarako, hainbat bitarteko jarriko dituztela aipatu dute: “momentu hauetan bitarteko horiek prestatzen ari gara: irteera gidatuak, mahai didaktikoak, erakusketak…” Horrekin batera, hondartzeko zerbitzuen jarraipena emateaz ere arduratuko da hondartza-hezitzailea, dutxak, komunka, iturriak, edota paperontziak ikuskatuko ditu. "Horrez gain, hondarraren eta uraren egoera, edota dunen egoera ere zaintzea izango da nire lana".
Aste Berdea ekainaren 7tik 13ra
Hondartza hezitzailearekin batera, gaur aurkeztu dute ekaineko bigarren astean egingo den Aste Berdea ere. Ekainaren 7an hasi eta 13an bukatuko da ekitaldiekin batera, ikastaroak eskainiko dituzte: bata, bizikletan ibiltzen ikastekoa, eta bestea, ‘gidatze ekonomikoa’ deitutakoa. Horrekin batera, herriko gaztetxoek egindako marrazkiekin, ‘Zumaia garbia’ marrazki erakusketa egongo da astelehenetik igandera bitartean herriko komertzio desberdinetan.
Aste Berdeko egitaraua:
Ekainak 7, astelehena: Bizikletan ibiltzen ikasteko ikastaroaren eta ‘Zumaia garbia’ marrazki erakusketaren hasiera.
Ekainak 9, asteazkena: 19:00etan, ‘Urpeko zinema’ emanaldia Aita Mari zineman.
Ekainak 10, osteguna: 19:00etan ‘The age o stupid’ filma Aita Mari zineman.
Ekainak 11, ostirala: 19:00etan, Argazki rallyaren sari-banaketa eta argazkien erakusketa Algorri Interpretazio Zentroan.
Ekainak 12, larunbata: 10:00etatik 14:00etara ‘Gidatze ekonomikoa’ ikastaroa. 19:00etan ‘Txinguin’ haurrentzako antzezlana Aita Marin.



