Inpernupeko kalan garbiketa eta txukuntze lanak egingo dira

2015/04/16

Zabortegi zaharreko hondakin guztiak atera eta ingurua txukunduko da gaur hasi diren obren bidez.

Iazko urte hasierako itsas denborale gogorrek agerian utzi zuten Inpernupeko kalako zabortegi zaharraren arrastoa. Momentu hartan, ordea, Itsasertzaren Zuzendaritza Nagusiak eta Zumaiako Udalak Itzurungo hondartzan eta barran eragindako kalteak handiagoak zirenez, haiei lehentasuna ematea erabaki zuten.

Orain, urtebete beranduago, Inpernupeko zabortegi zaharrean garbiketa eta huste lana egin eta inguru hori txukuntzeko lanei ekin diote.

Obrak, gaur bertan hasi dira, eta iraupena zenbatekoa izango den zehaztea zaila bada ere (ez baita erraza zenbat zabor dagoen zehaztea, eta horrek zenbateko lana sortuko duen) astebete eta hiru asteren arteko obrak izango dira.

 

Garai bateko zabortegiaren gainean bete lana egina dago, baina  itsas denboraleak agerian utzi zituen, bertara bota ohi ziren plastiko, beira botila eta bestelakoak. Gaur hasi diren lanekin hondakin guztiak kalatik aterako dira, eta lanak aurrera doazen heinean erabakiko da horma bat eraikitzeko beharrik ba ote den edo ez.