Irailaren 13a bitartean eman daiteke izena Olarro Eguneko lehiaketa gastronomikoan

2009/08/27

Irailaren 19an ospatuko da Olarro Eguna Zumaian eta aurten ere, olagarroa prestatzeko era desberdinak ezagutarazi, ahal den errezeta kopururik zabalena jaso, eta berrikuntza gastronomikoa bultzatuko da lehiaketa gastronomikoaren baitan.

 

Irailaren 19an, VI. Olarro Eguna ospatuko da Zumaian. Aurten ere, herritarrek eskaintza polita izango dute olagarroaren omenezko hainbat ekitalditan parte-hartzeko: lehiaketa gastronomikoa, brotxeta prestaketa, batel estropada, bazkari herrikoia, argazki rallya…

Dagoeneko zabalik dago lehiaketa gastronomikoan izena emateko epea eta Udalak herritarrak gonbidatu nahi ditu ekimenean parte hartzera. Aurten ere, olagarroa prestatzeko era desberdinak ezagutarazi, ahal den errezeta kopururik zabalena jaso, eta berrikuntza gastronomikoa bultzatuko da lehiaketa gastronomikoaren baitan. Partaideak bikoteka aurkeztuko dira, eta bikote kopurua 20 mugatuta dagoenez, lehentasuna izena emateko ordenaren arabera emango da.

Olagarroan oinarritutako plater bat prestatu beharko dute parte-hartzaileek, bakoitzak nahi duen erara. Hori bai, bikoteko sei errazio prestatu beharko dira. Karpak, suak eta mahaiak Antolaketa Batzordeak jarriko ditu, baita olagarroa ere. Bikote bakoitzak 2 kilo inguruko olagarroa jasoko du. Udalak 600 kilo olagarro erosi ditu bazkarirako eta txosnetarako.

Izen-ematea irailaren 13a baino lehen

Lehiaketan parte hartu nahi dutenek turismo bulegoan eman beharko dute izena, irailaren 13a baino lehen. Lehiaketako irabazlearentzat txapela eta 150 euroko saria egongo da, bigarrenarentzat 120 eurokoa eta hirugarrenak 90 euro jasoko ditu.

Lehiaketako egunean, gastronomia munduan adituak diren sukaldariz egongo da osatuta, eta aurten ere Arzak taldeko kideek hartuko dute parte, besteen artean. Epaileek honako ezaugarriak baloratuko dituzte: zailtasun gastronomikoa, plateraren aurkezpena, zaporea, osagaien prestaketa puntua eta originaltasuna. 

Lehiaketako oinarriak hemen deskargatu ditzakezu.