Irailaren 17an Amaia plaza eta Txomin Agirre Kaia kalea lotzen dituen bidegurutzeko lur zorua konpontzeko lanak hasiko dira

2018/09/07

Udalak arazoa uda hasieran detektatu bazuen ere, trafiko aldetik bidegurutze konplexua izanik, konponketak hasteko uda sasoia pasa arte itxarotea erabaki zen, sor daitezken eragozpenak txikiagotzeko. Lanek 2-3 aste inguruko iraupena izango dute eta Ardantzabide auzorako sarrera bermatuta egongo da momenturo.

Zumaiako Udala uda hasieran ohartu zen Amaia plaza eta Txomin Agirre Kaia kalea lotzen dituen bidegurutzeko zorua leku ezberdinetan hondoratzen hasia zela. Uda garaian Zumaiak izaten dituen ekintza ugariekin eta trafiko igoerarekin, lanak uda sasoia pasa ondoren egitea egokiagoa ikusi zen, beti ere zoruaren egoerari jarraipena eginez. Trafiko aldetik bidegurutze konplexua izanik, konponketak hasteko uda sasoia pasa arte itxarotea erabaki zen, sor daitezken eragozpenak txikiagotzeko, baina segurtasuna bermatuz.

Lan horiei, beraz, irailaren 17an ekingo zaie eta bi zatitan egingo dira, Ardantzabide auzorako ibilgailuen sarbidea momenturo bermatzeko. Lanek 2-3 aste inguruko iraupena izango dute.

Lanek irauten duten bitartean ezingo da kai inguruko aparkalekuetan aparkatu eta autobusek ez dute izango Txomin Agirre Kaia kalera sartzerik. Lurraldebuseko autobusek, beraz, Patxita Etxezarreta kalean bakarrik izango dute geltokia.

Aipatu lanek hiriguneko trafikoan eragozpenak sortuko badituzte ere, beharrezkoak dira eta Udalak eragozpen horiek txikiagotzeko ahalegin guztiak egingo ditu. Hala ere, barkamena eskatu nahi izan du Udalak bizilagunen eguneroko bizitzan sor daitezken ekidin ezineko eragozpenengatik.