Irailaren 26an, greba orokorra
Irailaren 26an Euskal Herriko gehiengo sindikalak deitu duen greba orokorrarekin bat egiten du Zumaiako Udalak eta eraikin publiko guztiak itxita izango dira, zerbitzu minimoak eskainiko dira soilik. Herritarrei ere beraien eskubideen defentsan, greban parte hartzeko deia luzatzen die Udal Gobernuak. 2012ko Uztailaren 14an Aurrekontu egonkortasuna sustatzeko neurriei buruzko 20/2012 Errege Lege Dekretua onartu zuen PPko Gobernuak, Espainian. Horren aurretik, ordea, pentsio erreforma, lan erreforma eta negoziazio kolektiboaren erreforma onartu zituen. Neurri guzti horien bidez, ekimen pribatuari laguntzea eta kontrol soziala bermatzea du helburu Raxoiren Gobernuak. Hori guztia, gehien behar dutenen bizkar eta langileriari eskubideak murriztuz. Erreforma horiekin ezinezkoa da hazkundea; aitzitik, enplegua suntsitzeko eta gizarte osoaren bizi baldintzak okertzea dakar. Izan ere, soldatak eta prestazioak murrizten ari dira prezioak igotzen diren bitartean, eta ez da bermatzen oinarrizko zerbitzuak eskuratzeko bidea; beraz, hori pobreziaren sinonimoa da.



