Irailaren 27an ekingo zaio Aholkusex zerbitzuari

2018/09/26

Doako sexu aholkularitza zerbitzua Brankako bulegoan jaso ahal izango dute zumaiarrek arratsaldeko 18:00etatik 20:00etara bitartean. Aurrez aurreko zerbitzuak gain, harremanetan jartzeko 605 748 579 telefonora deitu edota sexologiazumaiakoudala@gmail.com helbide elektronikora idatzi ahal izango dute herritarrek.

Ikasturte berriarekin batera, datorren hilaren 27an, Aholkusex sexu aholkularitza zerbitzua eskainiko du Udalak Branka bulegoan 18:00etatik 20:00etara. Zerbitzu hori hileko laugarren ostegunetan eskainiko da eta, bertan, zumaiarrek sexu eta bikote aholkularitzaren inguruan banakako arreta jaso ahal izango dute.

Aholkusex zerbitzuaren bitartez gai desberdinak jorratuko dira, hala nola,  identitate eta orientazio sexuala, bikote harremanak, elkarbizitza, intimitatea edota zeloak, baita zailtasun sexualarekin edo nerabeen heziketarekin zerikusia duten gaiak ere. Horietaz haratago, herritarrek azaldutako beste edozein galderen inguruan ere aholkua eskainiko da. 

Halaber, aurrez aurreko arretaz gain, zumaiarrek sexologiazumaiakoudala@gmail.com helbide elektronikora idatzi edo 605 748 579 (Yoana) telefonora deitu ahal izango dute haien kezken inguruko argibideak jasotzeko.  

Zerbitzuaren helburua da harreman osasuntsuak eraikitzeko giltzarriak eskaintzea, sexualitatearen, parekidetasunaren eta harremanen inguruan sor daitezkeen kezka orori erantzuna emanez.