Irailaren 3an zabalduko da neguko kirol ikastaroetan izena emateko epea

2018/08/23

Cycling, zumba, pilates edo igeriketa bezalako ikastaro arrakastatsuak errepikatuko dira eta horrez gain, TRX eta total training-eko eskaintza zabaldu da. Ikastaroak astelehenetik ostiralera eskainiko dira goizez zein arratsaldez eta izen ematea kiroldegian bertan egin ahal izango da

Gero eta gutxiago geratzen da uda amaitu eta ikasturte berriari heltzeko eta bide horretan, urtero bezala, kiroldegiko arduradunek ikastaro egitarau zabala eta anitza antolatu dute adin guztietako lagunei zuzendua.

Ikastaroak astelehenetik ostiralera eskainiko dira goizez zein arratsaldez eta bazkideek eta bazkide ez direnek ere parte hartu ahal izango dute. Guztiek hiru hilabete iraungo dute. Kasu honetan, lehen hiruhilekoa irailaren 24tik abenduaren 21a bitartean izango da eta interesdunek irailaren 3tik aurrera eman ahal izango dute izena kiroldegian bertan.

Ikastaro eskaintza

Ohikoa den bezala, 2018-2019 ikasturteko neguko ikastaroetan, lehorreko zein uretako jarduerak eskainiko dira.

Lehorreko ikastaroei dagokienez, ohiko cycling, pilates, aerobic, gap edota zumbako jarduerak egongo dira aukeran. Azken ikastaro honen kasuan, gainera, azken urteotan bezala, 6-15 urte bitarteko haurrentzat saioak ere eskainiko dira, adinaren arabera talde ezberdinetan banatuta.

Horrez gain, TRX edota total training ikastaroek izandako arrakasta aintzat hartuta, ikasturte berriari begira, aipatu jardueren eskaintza areagotu da.

Uretako jardueren kasuan, igeriketa ikastaroak eskainiko dira aurten ere, haur, gazte zein helduentzat, hori bai, adin eta igeriketa mailaren arabera multzokatuta.

Eskaintza osoa hemen