Irailaren 5 eta 7an, mugikortasun plana garatzeko lehendabiziko bilerak

2016/09/04
Lehendabizi, hilaren 5ean, Ardantzako auzategiko atari guztietako administratzaileekin bilduko da, eta ondoren irailaren 7an Hondar Gain eta Larretxokoekin. Bi egun hauetako bilerak Alondegian izango dira arratsaldeko 7etan.
  • Urritik aurrera, gauza bera egingo du Zumaiako gainerako auzo-lagunekin, modu honetara, guztien ekarpenak entzun eta jaso ahal izateko.
  • Bestalde, Udalak iragarri du, irailaren 26an, eragile ezberdinekin elkartuko dela garbiketa ordenantzaren nondik norakoak azaltzeko

Uda sasoiari begira, Zumaiako Udalak, hainbat neurri hartu ditu herrian zehar trafikoaren zein aparkalekuaren egoera hobetzeko, baina, udan ez ezik, urtean zehar ere sortzen diren mugikortasun eta irisgarritasun beharrei erantzuna emateko, 2006an idatzitako Mugikortasun Plana eguneratzeko aurrera pausoak ematen hasia da dagoeneko Udala.

Horiek horrela, Plan berria garatu eta hau Zumaiaren eta bereziki zumaiarren eguneroko beharretara egokitu dadin, Udal gobernuak ezinbestekotzat jo du, egun erabilgarriak diren datuak erabiltzea eta batik bat, herriko auzo ezberdinetako bizilagunekin biltzea, hauen ekarpenak gertutik ezagutu, entzun eta jaso ahal izateko.

Horiek horrela, eta abuztuan iragarri zuen modura, lehen bilera, irailaren 5ean egingo du Ardantza auzoko administratzaileekin eta 7an Hondar Gain eta Larretxokoekin. Bilera honen bitartez, Udalak, auzoan dauden mugikortasun eta irisgarritasun gabezi eta beharrak zeintzuk diren ezagutu eta era berean, auzotarren ekarpenak entzun eta jaso ahal izango ditu. Ildo honetatik, Udalak adierazi du, urritik aurrera, Zumaiako gainerako auzoetako bizilagunekin ere bilduko dela, modu honetara, Plan berriaren garapena eta bereziki aparkalekuaren gaia, zumaiar guztiekin lantzeko. Mugikortasun Planak, helburu du, herritar guztien beharretara egokitutako Zumaia eraikiz

Garbiketa ordenantzaren bilera

Era berean, Udal gobernuak aurrera pausoak eman ditu garbiketa ordenantzaren idazketa prozesuan eta honen inguruko bilera egingo du udal talde politikoekin, teknikariekin eta herriko eragileekin irailaren 26an, Udaletxean bertan.