Irakurzaletasuna sustatzeko ekitaldi sorta izango da datorren astean Zumaian
Zumaiako Udalak irakurzaletasuna eta literatura sustatzeko programa berezia antoaltu du datorren asterako. Egitarauaren barruan, bi liburu aurkezpen, ipuin kontaketa bat eta haur antzerki bat izango dira.
Udaberriko irakurzaletasun egitaraua aurkezteko, Irakurtzen duten zumaiarrak arriskutsuak dira leloa erabili du Zumaiako Udalak beste behin ere. Lelo hau Women who read are dangerous (ed. Stefan Bollmann) liburuaren izenburuan oinarrituta dago, eta kartelaren irudiak Vittorio Matteo Corcos margolariaren Sogni (1896) lanari egiten dio erreferentzia.
Udalak nabarmendu du historian zehar irakurzaletasuna praktika eraldatzaile eta askatzailea izan dela, bereziki emakumeentzat eta bazterreko kolektiboentzat, autonomia eta pentsamendu kritikoa garatzeko tresna gisa. Hori dela eta, irakurketaren sustapena herritar aktibo, kritiko eta pentsalarien komunitatea sendotzeko funtsezko bitartekotzat jo du.
Lau hitzordu izango dira datorren astean zehar, eta tartean, bi zumaiarrek liburu bana aurkeztuko dute. Goiz Eder Iturainek Geuretik Sortuak ekimenaren barruan ondutako Hamaika irakurtzeko jaioak, batetik; eta Irene Iruretak Zumaiako Udalaren eta Euskal Kostaldeko Geoparkearen laguntzarekin sortutako Flysch pop-up albuma, bestalde. Hona hemen hitzordu guztiak:
- Apirilak 21, asteartea. Liburu aurkezpena: Hamaika irakurtzeko jaioak, Goiz Eder Iturain (Alondegiko ganbera, 19:00).
- Apirilak 23, osteguna. Liburu aurkezpena: Flysch pop-up albuma, Irene Irureta (Oxford aretoa, 19:00).
- Apirilak 24, ostirala. Ipuin kontaketa: Maletan bi ipuin, Ixabel Agirresarobe (Haur liburutegia, 17:30).
- Apirilak 26, igandea. Haur antzerkia: Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez, Ttanttaka (Aita Mari, 16:30).
Zumaiako Udalak gogorarazi du urte osoan zehar lanean diharduela irakurzaletasuna sustatzeko, liburutegian eskaintza zabal eta eguneratua eskainiz eta herritarren parte-hartzea bultzatzen duten ekimenak sustatuz. Era berean, liburutegia herritar guztientzat zabalik dagoen espazioa dela azpimarratu du, eta zumaiarrak bertara gerturatzera gonbidatu ditu.
Halaber, herritarrak Irakurri matte irakurle taldean parte hartzera animatu ditu. Taldea hilero elkartzen da liburu baten inguruan, Uxue Alberdik dinamizatuta.



