Irekita dago ‘IV. Olarro Ikurrina’ batelen estropadarako izen-ematea

2010/09/03

Irailaren 14a baino lehen apuntatu beharko dute koadrilek eta izen-emateak turismo bulegoan jasoko dira. Olarro Egunean jarriko dituzten txosnen zozketa ere egin dute.

 

Irailaren 18an ospatuko da Zumaian Olarro Eguna eta horretarako antolaketak abian dira dagoeneko. Ireki da ‘IV. Olarro Ikurrina’ koadrilen arteko batelen estropadan izena emateko epea. Koadrilek turismo bulegora jo beha dute txapelketan apuntatzeko eta horretarako azkeneko eguna irailaren 14a izango da.

Honakoak izango dira parte-hartzeko baldintzak:

1. Estropada goiz eta arratsaldez ospatuko da: goizez 11.30etan eta arratsaldez 17.00etan.
2. 10.30etan parte hartzaile guztiei Eusebio Gurrutxaga plazako kioskoan dortsala eta kamiseta bana banatuko zaie. Ondoren kalejiran estropada eremura habiatuko dira.
3. Estropada eremua Txomin Agirre kaiatik zubi handira joan-etorria izango da.
4. Parte hartzaileen adina 16 urtetik gorakoa izan beharko du.
5. Talde bakoitza 4 pertsonak osatuko dute (batelean sartzen direnak), mutilak nahiz neskak.
6. Talde bakoitzak arduradun bat izendatuko du eta bere telefono zenbakia eman beharko du, harremanetarako.
7. Antolakuntzak ez du bere gain hartuko partehartzaileek beren buruari edo beste hirugarren bati egin diezaioketen galera, kalte edota lesioen erantzukizuna.
8. Saria, Ikurrina izango da (lehen iristen den taldearentzat). Partehartzaileen artean afari bat zozketatuko da.
9. Izen-ematea turismo bulegoan egingo da irailak 2tik 14a bitartean, beharrezko izen-emate orria betez.

Izen-emate orria, berriz, hemen klikatuta eskuratu dezakezue. Txapelketara bitartean, parte-hartzaileen artean erabiltzeko batela izango da Turismo Bulegoan. Koadrila bakoitzak astean ordubetez entrenatu ahal izango du txalupa honekin.

Kamisetak eta zapiak salgai

Zumaiako Turismo Bulegotik jakinarazi dutenez, dagoeneko salgai jarri dituzte aurtengo Olarro Egunerako kamisetak, zapiak eta baita bazkarirako txartelak ere. Kamiseta arruntek 6 euro balioko dute, poloek 10 euro eta zapiek, berriz, euro bat. Bazkarirako txartelen prezioa 8 eurokoa izango da helduentzako, eta 5 eurokoa haurrentzako.

Txosnen zozketa

Aurtengo Olarro Egunean lau txosna jarriko dira, iaz baino bat gutxiago eta dagoeneko egin dute txosnen kokalekuaren zozketa. Turismo bulegotik azaldu dutenez, aurten sei elkartek egin dute txosna kudeatzeko edo bazkarian lan egiteko eskaria, eta zozketa egin behar izan dute. Orain artean aurkeztu ez izanagatik, txirrindulari elkarteari zuzenean egokitu zaio txosna. Besteetatik, Darahli taldea geratu da aurten kanpoan eta gainontzean zozketak honako emaitzak eman ditu: Taxi geltokiko txosnan pilota elkarteak, Erribera kalean txirrindulariak, Alondegian Pulpokoak eta Amaiako plazan Inda-Mendikoak. Bazkari herrikoian, berriz, presoen lagunak izango dira lanean.