Irekita dago Olarro Eguneko lehiaketa gastronomikorako izen-ematea

2010/08/27

Bikoteka apuntatu behar da eta horretarako azkeneko eguna irailaren 10a izango da.

 

Zabalik da Olarro Eguneko lehiaketa gastronomikorako izen-ematea. Irailaren 18an ospatuko da Zumaian VII. Olarro Eguna eta goiz partean egingo da lehiaketa gastronomikoa, 10:00etatik 13:00era.

Lehiaketaren bidez, olagarroa prestatzeko era desberdinak ezagutarazi, ahal den errezeta kopururik zabalena jaso, eta berrikuntza gastronomikoa bultzatuko da. Partaideak bikoteka aurkeztuko dira, eta bikote kopurua 20 pertsonara mugatuta dagoenez, lehentasuna izena emateko ordenaren arabera emango da.

Olagarroan oinarritutako plater bat prestatu beharko dute parte-hartzaileek, bakoitzak nahi duen erara. Hori bai, bikoteko sei errazio prestatu beharko dira. Karpak, suak eta mahaiak Antolaketa Batzordeak jarriko ditu, baita olagarroa ere. Bikote bakoitzak 2 kilo inguruko olagarroa jasoko du eta gainontzeko osagaiak partaideek eurek eramango dituzte.

Izen-ematea irailaren 10a baino lehen

Lehiaketan parte hartu nahi dutenek Zumaiako Turismo Bulegora zuzendu beharko dute irailaren 10a baino lehen. Izena ematearekin batera, partaideek errezeta idatziz entregatu beharko dute lehiaketa egunean jendaurrean ikusgai egon dadin.

Lehiaketako irabazlearentzat txapela eta 150 euroko saria egongo da, bigarrenarentzat 120 eurokoa eta hirugarrenak 90 euro jasoko ditu.Gastronomia munduan adituak diren sukaldariek osatuko dute epaimahaia eta honako ezaugarriak baloratuko dituzte: zailtasun gastronomikoa, plateraren aurkezpena, zaporea, osagaien prestaketa puntua eta originaltasuna.

Lehiaketako oinarriak hemen eskuratu ditzakezue.