Irisgarritasuna hobetu eta irristadak zein erorketak ekiditeko asfaltatze lanak egingo ditu Udalak herriko hainbat gunetan

2018/09/19

Gaur bertan, esaterako, Oikiako Otxango bidea asfaltatuko du eta datozen egunotan gauza bera egingo du GKNko aurrealdean eta Correos atzeko gunean. Lan horien helburua da herria zein herritarren irisgarritasuna zein mugikortasuna hobetu eta bereziki egun euritsuetan gune horietan gerta daitezkeen irristadak zein erorketak ekiditea.

Zumaia herri atsegin eta irisgarriagoa bilakatzeko apustuan, Udalak aurrera pausoak ematen jarraitzen du eta konpromiso horri helduz, oraingoan, herriko hainbat bide eta gune asfaltatuko ditu.

Hain zuzen gaurtik hasita, lehenbizi Oikia auzoko Otxango bidea asfaltatuko du eta jarraian, lan bera egingo du GKN aurrealdean eta Correos atzeko gunean.

Asfaltatze lan horien helburua da Zumaia zein zumaiarren irisgarritasuna eta mugikortasuna erraztu eta hobetzea, baita, noski, bereziki udazken eta negura begira, egun euritsuetan gune horietan gerta daitezkeen irristada zein erorketak ekiditea ere, horrela, aipatu bideak oinezkoentzat seguruagoak eta erosoagoak izan daitezen.

Helburu berarekin, esaterako, antzeko lanak burutu ditu berriki Amaia Plaza eremuan edota Zuloaga parkean, baita, urtean zehar, Julio Beobiden, Kale Nagusian, Bonifazio Etxegarai kalean edota Larretxo auzoan ere.