Iritsi dira Gabonak Zumaiara!

2017/12/05

Datorren astean jada kaleko argi apaingarriak piztuko dira herriko kaleak alaitu eta girotzeko. Halaber, urtero bezala ekintza egitarau aberatsa antolatu du Udalak Zumaia zein zumaiarrak Eguberri giroan murgildu eta guztiek jai egunez gozatzeko, besteak beste, musika bandaren kontzertua, Gabon abestien lehiaketa edo umeen Gabonetako parkea.

Eguberriak dagoeneko ate joka ditugu eta herria zein herritarrak festa giroan murgiltze aldera, ekintza-egitarau zabala antolatu Zumaiako Udalak hilabete osorako.

Bide horretan, datorren astean zehar piztuko dira jada kaleko argi-apaingarri guztiak 2017ko Zumaiako Eguberriei hasiera emateko. 

Bestalde, festa giroaz gozatzen jarraitzeko, Eguberrietako ekintza eta ospakizunen artean ezin ditugu ahaztu Santo Tomas festa abenduaren 21ean, Musika Bandaren Gabonetako kontzertua 22an edota aretoko futbol txapelketa azkarra eta haurrei zuzendutako Go!azen antzerki emanaldiaren saio bikoitza 23an.

Halaber, urtero bezala, abenduaren 24an Olentzero etorriko da Zumaiara eta Institutu parean hasita, kantuan ibiliko da haurrekin herriko kaleetan zehar. Arratsaldean aldiz, Gabon abestien lehiaketa egingo da Eusebio Gurrutxaga plazan, baita jaiotza ikuskizuna ere eta eguna ixteko, Olentzero eta Gomezagoren bisitaz gozatu ahal izango dugu herriko kaleetan zehar.

Era berean, urte amaieraren atarian, hilaren 30ean, alegia, bertsolari gazteen saioa izango da Oxford aretoan eta urteko azken egunean San Silbestre VII. Biko lasterketa mistoa herriko gazte zein helduentzat.

Halaber, aipagarria da aurten ere Gabonetako haur parkea jarriko duela Udalak abenduaren 29 eta 30ean, oraingoan, Aitzuri pilotalekuan. Horrela, aipatu parkeak iaz baino edukiera handiago izango du; 244 lagun sartu ordez 600entzat egongo da lekua. Sarrera 3€koa izango da eta ordutegia aldiz, 11:30-13:30 eta 16:30-19:30 bitartekoa.

Ongi etorri 2018

2017. urtea agurtu eta urte berriari ongi etorria eman ondoren, Erregeen bisita prestatzen hasiko da Zumaia. Horrela, urtarrilaren 4an, haurrek Erregeei idatzitako eskutitzak jasoko dira Eusebio Gurrutxagan eta hilaren 5ean, dromedarioz lagunduta, karroza banatan iritsiko dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar erregeak Zumaiara, arratsaldeko 18:30etan.

Tokiko merkataritza indartuz

Halaber, tokiko merkataritzari bultzada emateko, erakusleiho lehiaketa antolatu du aurten ere Udalak Zumaiako Merkatari Elkartearekin batera. Lehiaketaren helburua da saltokiek Eguberrietan erakusleihoak apaintzeko egiten duten lana eta esfortzua eskertu eta balioan jartzea. 

Horretarako bi sari banatuko dira, epaimahaiaren saria lehena, merkatariei zuzendua, eta herritarren saria, zumaiarrei zuzendua, bigarrena. Epaimahaiaren saria banatzeko orduan, merkatariek urtean egin eta bidalitako erakusleiho aldaketa guztien argazkiak hartuko dira kontutan, Eguberrietakoa barne (azken hori bidaltzeko azken eguna abenduak 9 izango da). Puntuazio altuena lortzen duen saltokia izango da irabazlea eta 200€ko txekea jasoko du. Sari banaketa abenduaren 29an egingo da Merkatari Elkartearen topaketaren barruan.

Herritarren sariari dagokionean, herriko denda eta saltoki guztiek parte hartu ahal izango dute (elkartekideak izan edo ez) eta irabazlea aukeratzeko ezinbestekoa izango da herritarren inplikazioa eta partaidetza, haien botoen arabera erabakiko baita saltoki sariduna. Horretarako turismo bulegoan bozkatu beharko dute zumaiarrek gustukoen duten erakusleihoa eta pertsona bakoitzak gehienez bi boto eman ahal izango ditu. Modu honetara, boto gehien jasotzen dituen dendak 200€ko oparia jasoko du.

Lehiaketan parte hartzeko izen ematea zabalik egongo da abenduaren 9ra bitartean, turismo bulegoan (943 14 33 96 edo turismoa@zumaia.eus helbidean). Oinarri nagusi gisa, erakusleihoek abenduaren 9tik 31ra bitartean ikusgai egon beharko dute.

Era berean, botoa ematen duten zumaiarren artean beste 200€-ko sari bat ere zozkatuko da. Sari banaketa abenduaren 31n egingo da Biko lasterketakoekin batera.

Horrez gain, abenduaren 11tik 15era elkarteko taberna zein jatetxeetan zozketa bat egingo da egunero bezeroen artean eta sarien artean Champagne G.H. MUMM, Campillo ardo beltza edo Marqués de Riscal ardo zuri botila zozketatuko dira. Gabonetako erosketa bonoei dagokionean, jada guztiak agortu direla jakinarazi du Merkatarien elkarteak eta ildo horretan eskerrak ematen dizkie zumaiarrei.

Antolatutako ekimen eta ekintza guztiekin Zumaia eta zumaiarrak festa giroan murgildu nahi ditu Udalak. Gobernuak garrantzitsutzat jotzen du Zumaia behar bezala girotu eta herriko kaleak jai giroaren isla izatea, baita erosketetarako gunea ere. Kale argiztapenak eta bizitasunak herriko denda, saltoki eta tabernetan eragin zuzena izan dezakeela adierazi du Udalak. Horregatik, tokiko merkataritzaren aldeko apustuan,  dei egiten die zumaiarrei Eguberrietako erosketak herrian bertan egin ditzaten, guztien artean, Zumaiako saltokiak babestu eta indartu ditzaten.

Amaitzeko, Udalak jai egun alai, bizi eta zoriontsuak opa nahi izan dizkio herritar orori eta guztiak festa egun eta giroaz gozatzera animatu ditu.