Irudi eta promozio berriekin dator Zumaiako Merkatarien Elkartea
2.000 euro banatuko dituzte 10 euroko baleetan eta Kanariar Uharteetarako bidaia bat zozkatuko dute.
Indartsu hasi dute ikasturtea Zumaiako Merkatarien Elkartekoek. Batetik, elkartearen logotipoa berritu dute eta, bestetik, promozio berriak abian jarri dituzte. Izan ere, abantaila ugari izango dituzte herritarrek erosketak elkarteko dendetan egiten badituzte.
2.000 euro banatuko dituzte 10 euroko baleetan. Horrez gain, Kanariar Uharteetarako bidaia bat zozkatuko dute erosleen artean. Erosleen artean banatuko diren sariak izango dira horiek, baina abantaila gehiago izango dira erosketak elkarteko txartelarekin ordainduz gero. Elkarteko ordezkariek azaldu dutenez, “elkartearen txartelarekin ordainduz gero, hiru hilabetetan eta interesik gabe ordaintzeko aukera izango da”.
Azaroaren 30era arte iraungo du abantailen aldi honek, baina udazkenean promozio gehiagorekin jarraitzeko asmoa dutela azaldu dute elkartekoek.



