Itsasadarra berreskuratzeko Plan Berezia parte hartze bidez osatu nahi du Udalak
Mahai teknikoa eta herritarren mahaia osatuko dira itsasadarra berreskuratzeko plan egokiena hautatzeko.
Zumaiako Udalak Urolako itsasadarraren berreskurapena eta babesa bermatzeko plan berezia osatzea du helburu. Horrela, datozen urteetan itsasadarraren eremu ezberdinak nola babestu behar diren zehaztu nahi du. Horretarako, Ekolur enpresarekin batera, parte hartze prozesu baten bidez, plan berezia idatziko da.
Itsasadarra zona interes orokorreko gune izatetik, kontserbazio bereziko gune izatera pasatzea proposatu zuen Eusko Jaurlaritzak, eta Udalak eskaera hori bere egiten du. Baina Eusko Jaurlaritzak zehaztutako eremua oraindik ere gehiago zabaltzeko eskatzen du.
Udalarentzako garrantzizko puntuak:
- Santioko hondartzako duna eta padura.
- Beduako irla ingurua, eta zabalgune handia (Egurkoko baratzak eta Garbigunetik Zumaiarakoa).
Zumaiako Udalak Artadiak hartzen ditu babesteko gune bezala. Berreskuratu nahi den eremuaren muga gisa, Itsasadarretik Oikia bitarteko guztia hartzen da. Beraz, ibaiaren inguruak ere berreskuratzeko gune gisa hartzen dira.
Gure horretan, Udalarentzat oso garrantzitsua da esplanadaren inguruan dagoen eztabaida argitu eta inguru hori berreskuratzea.
Parte hartze prozesua
Itsasadarraren berreskuratzea nola egin zehazteko, Zumaiako Udalak prozesu parte hartzaile bat jarriko du abian, Ekolur enpresarekin elkarlanean. Prozesu parte hartzaile hori bi eremutan egingo da. Alde batetik, eta lehenengo, mahai teknikoa bilduko da. Mahai hori ingurumenarekin lotura duten entitate eta taldeek osatuko dute. Mahai honek azterketa teknikoak egin, eta proposamenak jarriko ditu mahai gainean.
Hori egin ostean, herritarren mahaia osatuko da. Mahai teknikoak egindako proposamenak aztertu, iritzia eman eta ekarpenak egiteko aukera izango dute. Ondoren, mahai teknikoak mahai horretan esandakoak aztertu eta egingarriak ote diren aztertuko du.
Prozesu parte hartzaile hori 8 hilabeteren buruan emango da. Eta Udalak 2013an aurrera eramango den proposamena zain izango den jakingo du. Ondoren, 2014. urteko aurrekontuetan sartuko du itsasadarra berreskuratzeko partida.
Plan Berezia osatzeko proiektuak 76.500 euroko aurrekontua du.



