Itsaso zakarra dela-eta kontuz ibiltzeko deia

2010/11/09

Hurrengo itsasgora 18:00etan da, eta arretaz jokatzeko deia egin du Udaltzaingoak.

 

Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo Sailak alerta gorria ezarria du gaurko, 9 metro arteko olatuak eta 140 km/h haizeteak espero baitira. Hori jakinda,  gaur goizean, itsasgora eta itsaso zakarra dela-eta Talaipetik farorako bidea itxita izan da; eta horrela jarraituko du egun guztian. Goizeko 6:00etan izan da itsasgora, 4:00etatik 8:00ak arte faroaz gain, Zumaia eta Zarautz arteko N-634 errepidea ere itxita izanda. Arratsaldean berriro izango da itsasgora, 18:00etan, eta errepide hori itxita izango da 16:30etatik 20:00ak arte.

Itsasoak kalte batzuk ere sortu ditu herrian. Horrela, itsasgorak ekarritako urak putzu handiak sortu ditu Amaia plaza inguruan goizaldera. Hala ere, Udaltzainek berehala konpondu dute arazoa. Talaipe inguruan, berriz, lurreko galtzada zatiak mugitu ditu.

 

Arratsaldean ere arretaz

Arratsaldeko 18:00ak inguruan izango da hurrengo itsasgora, eta 16:30etatik 20:00etara bitartean, batez ere, udaltzainek itsaso inguruan kontuz ibiltzeko eskatzen die herritarrei. Olatuak ikustera itsasertzera joateko asmoa dutenei arretaz jokatzeko eskatzen die. Gogoratu, farorako  bidea itxita dagoela, eta hara joateko debekua errespetatzeko eskatzen du Udaltzaingoak. Horretaz gain, Julio Beobide ibiltokian  (Amaia plazatik Talaipe arteko paseoan) eta Talaiperako sarreran ibilgailuak ez aparkatzea gomendatzen du.