Itsasoz iritsiko dira errege magoak igande honetan

2020/01/03

18:30ean abiatuko da Kabalgata Ludotekatik. Udalaren izenean, kabalgatak sortuko dituen aldaketak kontutan hartu eta itxitako eremuak errespetatzeko eskatu diete herritarrei.

Igandean, hilaren 5ean, iritsiko dira hiru errege magoak Zumaiara. Urtero bezala, aurtengoan ere kabalgata egingo dute herrian zehar. Kabalgatak sortuko dituen aldaketak direla eta, hainbat eskaera luzatu dizkie Udalak herritarrei.
Alde batetik, errege magoei harrera egiteko su artifizialak botatzen ari diren tartean, Zubihandia itxita egongo da. Udalaren izenean, ingurune horretan arduraz eta itxitako eremua errespetatuz ibiltzeko eskatu diete herritarrei. Bestalde, Itsas Kiroldegiaren inguruan dagoen obra materiala, zein Moilaberriko hormaren erorketa dela eta baliztatuta dagoen eremua errespetatzeko eskatu dute Udalaren izenean.

Herriko adinekoei eta gaixo dauden haurrei bisitak

Kabalgata baino lehen errege magoak Otezurin eta San Juan egoitzan egongo dira. Gainera, hala eskatzen duten familien kasuan, gaixorik dauden haurrei bisita egingo diete hiru erregeek. Horretarako kultura@zumaia.eus helbidera idatzi beharko dute urtarrilaren 4a baino lehen.

Errege kabalgata

Itsasontziz helduko dira erregeak aurten ere, su artifizialekin batera, eta kabalgata Ludotekatik abiatuko da, Patxita Etxezarreta eta Txomin Agirre Moilan zehar ibilbidea egin, eta hortik Erribera kalean barrena, plazaraino. Jaiotzean eskaintza egin ostean Ludotekan amaituko da Kabalgata.