Itzurun hondartzako “Bainu Beroak”

2014/09/26

Noiztik dago Itzurun hondartzarako bidea? Ba al zenekien hondartzara eguzkia eta bainua hartzera joateko turismoa sortu aurretik, "bainu beroak" hartzera joaten zela jendea? Udal artxiboan ditugun datu eta altxorrak azalarazteko hainbat artikulu argitaratuko ditugu hemen dik aurrera.

Uda garaian hondartzara joateko ohitura dugu. Eguzki izpi beroek gure azal eta giharrak epel ditzaten edota, berotik ihes, itsasoko uretan freskatzeko desioz gerturatzen gara kostaldera. Itzurun hondartza ikusgarria, Santiagoko hareatza zabala eta Algorri harralde lasaia; Zumaiak aukera paregabeak eskaintzen ditu itsasertzaz gozatzeko.

 

Hondartzara eguzkia hartzera eta bainatzera joate hau, ordea, usadio nahiko berria da. Gure kostaldean XIX. mendearen erdi aldean hasi zen orokortzen, itsasoko urak zituen onura osasungarriak jendartean zabaldu zirenean. Honekin batera, kostaldeko herriak gune turistiko bilakatu ziren eta, bisitari berrien beharrei erantzuteko asmoz, azpiegitura turistikoak garatzen hasi ziren.

 

Zumaiaren kasuan, turismo mota hau ez zen XX. mendearen hasiera arte garatu. Hondartza desberdinak egon arren, Itzurun hondartza izan zen protagonista nagusia itsas-bainuetan. Udal artxiboko dokumentazioan agertzen denez, 1900 eta 1925 bitartean eremu horretako itsasbazterra egokitzeko zenbait lan burutu ziren. Alde batetik, Itzurunera gerturatzeko bidea egin zen bisitariei bertaratzea errazteko asmoz. Bestalde, zerbitzu desberdinak sortu ziren.

Hondartza honetan eskaintzen zen zerbitzurik zaharrena “Bainu Beroak” izenekoa zen. Itzurun hondartzarako bidea egin baino lehenagoko zerbitzua izan zen hau. Bidasorotarrak ziren Itzurungo hondartzaren gainean kokatzen zen bainu-etxe antzeko hau kudeatzen zutenak. Itsasoko ura berotzeko erabiltzen zen labe bat eta bainuak hartzeko gunea zituen eraikuntza zen. 1900 urte inguruan, bidea egokitzeko lanekin hasi zirenean, zerbitzu hau eskaintzeko beharrezkoa zen azpiegitura puzkatu zuten. Egoera honen aurrean eta bere ogibidearekin jarraitzeko asmoz, Bidasoro familiak udalari berriro azpiegitura horiek eraikitzeko eskaera luzatu zion. “Bainu Beroak” berriro jarri ziren martxan, baina hauen kudeaketan arazoren bat edo beste egon zela ematen du. 1925ean, Joaquin Bidasoro Gurruchagak (bere burua “bañero” bezela aurkezten duenak), “Bainu Beroen” eraikina berea izan arren hau kokatuta zegoen lurra udalarena zela ikusirik, udalari lur zati hori erosteko eskaintza luzatu zion. Udalak ezezkoa eman zion erosketa proposamenari, baina 5 urterako lursail horren erabilera beraiei izendatzea lortu zuen familiak. Gainera, 5 urte horiek bukatu eta zerbitzua berriro enkantera ateratzean beraiek lehentasuna izatea adostu zen.

“Bainu Beroak” kudeatzeaz gain, Bidasoro familia Itzurun hondartzako gainontzeko zerbitzuak kudeatzeaz ere arduratu zen.

 

 

*Udal artxiboan bilatutako datu bitxiekin osatutako artikulu guztiak kontsultatzeko eta udal artxiboa nola kontsultatu jakiteko klikatuhemen.