Itzurun hondartzako eremua hobetzeko lanak egingo ditu Udalak

2018/05/14
Horien artean kantinako ertzetan itxitura mugikorrak jarri eta Itzurun Txiki eremuan alga pilaketen ondorioz sortutako usain txarrak saihesteko lanak egingo ditu. Horrez gain, Gipuzkoako Kostetako Zerbitzu Probintzialak hondartzako ezkerraldeko jaitsieran dauden harri solteak kendu eta eremua harri-jauziez babesteko egurrezko hesolez egindako egitura arin bat jarriko du.

Gero eta gutxiago geratzen da hondartza denboraldiari ongietorria emateko eta ordurako guztia prest izate aldera, Udalak hainbat hobekuntza lan egingo ditu Itzurun hondartza eremuan.

Esate baterako, bertako kantinako ertzetan itxitura mugikorrak jarriko ditu, bereziki galerna edo egun haizetsuetan bertan babestuago egon ahal izateko, haizea oztopo izan gabe.

Horrez gain, aurtengoan Itzurun Txiki eremuan (eskuin aldeko putzua) alga pilaketek eragindako usain txarren arazoari erantzuna emateko lanak egingo ditu Udalak. Izan ere, itsas goren eraginez,  hainbat alga eta ur pilatzen dira aipatu eremuan (pasarela goialdeko putzuan), eta mareak hilak direnean, ur eta alga horiek ez dira berritzen, hau da, ez dira bueltan itsasoratzen. Horri, gainera, uda sasoiko beroa gehitzen badiogu, bero horren eraginez, usteltze prozesu bat gertatzen da bertan. Ondorioz algek usain txarrak eragiten dituzte eta horrek, noski, herritarrek kexak ere pizten ditu.

Bide horretan, arazoari eta herritarren kexa zein eskaerei erantzuna emate aldera, aurten, pasarela azpian uraren joan-etorri naturala ahalbidetzeko lanak egingo ditu Udalak. Horrela, algekin batera ura ez da bertan pilatuko eta horri esker, hein handi batean, algen usteltze prozesua eta horrekin batera eremuko usain txarrak saihestuko dira.

Horrez gain, Gipuzkoako Kostetako Zerbitzu Probintzialak hondartzako ezkerraldeko jaitsieran dauden harri solteak kenduko ditu horiek eragindako irristada eta gainerako arriskuak ekiditeko. Horrez gain, etorkizunera begira bertako segurtasuna hobetu eta bermatzeko, eremua harri-jauziez babesteko egurrezko hesolez egindako egitura arin bat jarriko du.

Gaur bertan ekin die aipatu lanei eta gutxi gora behera hilabete iraungo dutela adierazi du, horrenbestez, hondartza denboraldia hasterako amaituta izango ditu.

Itzurun Txiki edo algak pilatzen diren eremua