Itzurun hondartzako toldo zein aulkien zaintza eta kudeaketa zerbitzua esleitzeko prozesua zabaldu du Udalak

2019/05/27

Pertsona edota enpresa interesdunek ekainaren 4a arte izango dute proposamenak Udalean aurkezteko epea eta proposamen tekniko hoberena egiten duenari esleituko zaio zuzenean zerbitzua. Aipatu zerbitzua ekainaren 15etik irailaren 15era eskainiko da.

Uda sasoia gero eta gertuago dugun honetan, Zumaiako Udala hasia da dagoeneko udaldirako prestaketa lanekin eta ildo horretan, abian jarri berri du Itzurun hondartzako toldo zein aulkien zaintza kudeatzeko zerbitzuaren esleipen prozesua. Helburua da ekaina eta iraila bitartean zumaiarrei toldo zein aulki zerbitzua eskaintzea eta horien zaintza bermatzea.

Horiek horrela, interesdunek ekainaren 4a arte izango dute proposamenak Udalean aurkezteko epea. Prozesua irekia izango da, hau da, edonork parte hartu ahal izango du, enpresa zein norbanakoek, eta behin epea amaituta, proposamen tekniko hoberenari esleituko zaio zerbitzua, esleipen zuzen bitartez. Udalak 15.000,00€ ( BEZa aparte) ordainduko ditu zerbitzuaren truke.

Zerbitzuaren ardurak eta betebeharrak:

Toldo eta aulki zerbitzua ekainaren 15etik irailaren 15era bitartean eskainiko da, horrenbestez, kontratuaren iraupena hori bera izango da.

Esleipendunaren ardura izango da toldo zein aulkiak jarri, kendu, pilatu eta zaintzea, momenturo guztiak garbi eta erabilgarri mantenduz. Materiala, noski, Udalak jarriko du.

Ordutegiari dagokionez, toldo eta aulkien muntaia 09:30ean hasi eta desmuntatze lanak 20:00etatik aurrera egin beharko dira, egunero, astelehenetik igandera.

Esleipenerako baldintzak eta irizpideak

Proposamenak aurkezteko ezinbestekoa izango da zerbitzuaren plangintza azaltzen duen memoria aurkeztea, baita, noski, zerbitzuaren arduradunen curriculum vitaea, formazioa eta kualifikazioa atxikitzea ere. Horrez gain, aipatu memorian txertatu beharko dira, besteak beste, zerbitzuaren antolaketa eta erabiliko diren errekurtsoen deskribapena, lan egutegia, langileen gaitasuna eta eskainiko den garbiketa zerbitzuaren deskribapena.

Eskaintzaren inguruko informazio guztia hemen.