Izen eta logotipo berriak sortzeko lehiaketa irekia abiarazi du Zumaiako merkataritza eta ostalaritza elkarteak

2018/10/03

Horretarako, urriaren 8tik 20ra bitartean proposamenak turismo bulegoan, Tximak ile-apaindegian, Ardantzabide altzari dendan edota Bqd bidai agentzian aurkezteko aukera izango dute interesdunek. Helburua da zumaiarren parte hartze eta laguntzarekin elkartearen irudi eta izen berria sortzea.

Zumaiako merkataritza eta ostalaritza elkartea izen eta irudi berri baten bila dabil eta horretarako, zumaiarren laguntza eskatu eta herritarren parte hartzea sustatzeko lehiaketa jarri du martxan, “Ongi etorri udazkena” lelopean.

Horren baitan, urriaren 8tik 20ra bitartean, pertsona interesdunek turismo bulegoan, Tximak ile-apaindegian, Ardantzabide altzari dendan edota Bdq bidai agentzian aurkeztu ahal izango dituzte proposamenak; partaide bakoitzeko gehienez 3.

Horretarako, ordea, ezinbestekoa izango da 18 urtetik gora izatea, baita Zumaian erroldatuta egotea ere. Logotipo zein izenaren diseinuak, halaber, erabilera anitza eskaintzeko modukoa izan beharko du: prentsa oharrak, txartelak, argitalpen edota kartel ezberdinak, esku-orriak… Horrez gain, diseinu horiek aurrez argitaratu gabeak izan beharko dute.  

Sariak

Lehiaketetan ohikoa den bezala, kasu honetan ere sariak banatuko dira parte hartzaileen artean. Saridunak merkatari eta ostalari elkartearen Zuzendaritza Batzordeko partaideek eta diseinu grafikoan aditua den pertsona batek osatutako epaimahaiak erabakiko ditu eta irabazleek 250€ko erosketa bana jasoko dute, bata logotipo proposamen irabazleak eta bigarrena, izen proposamen garaileak. Edozein kasutan, logotipo eta izen proposamenen irabazlea pertsona bera balitz, bi sariak eskuratuko lituzke.

“Ongi etorri, udazkena” bezeroentzat ere

Kanpaina beraren pean, izen eta logotipo lehiaketaz haratago, merkatari eta ostalari elkarteak bezeroei zuzendutako sariak ere eskainiko ditu. Izan ere, urriaren 8tik 20ra bitartean elkarteko dendetan erosketak egiten dituzten bezeroen artean 50€ko 10 erosketa bono zozketatuko dira. 

Lehiaketako oinarriak ikusgai hemen