Jadarreko horma kentzen hasiko dira asteazkenean, inguru horretako segurtasuna bermatzeko
Harrizko horma eta atzean duen betelana mugitzen ari dira, eta segurtasuna bermatzeko horma eraistea erabaki du Udalak. Malda bera ez da ari mugitzen, eta Jadarre auzoko etxebizitzek ez dute inongo arriskurik. Lanek irauten duten bitartean errepideko errail bat itxita izango da.
Azken hilabeteotan gertutik aztertu dute Jadarre auzo azpian, errepidearen ondoan, dagoen horma. Iazko ohartu ziren udal teknikariak horma hori mugitzen hasi zela, eta beharrezko ziren azterketak egiten hasi ziren. Hala, Aste Santuan, neurketa desberdinak egin ziren hormaren benetako egoera zein zen jakiteko.
Ordutik, ordea, areagotu egin da egoera. Azken hilabete eta erdian, azken urte eta erdian beste mugitu baita horma puntu batzutan. Hori jakinik, Udalak emergentziaz, inguru horretan herritar ororen segurtasuna bermatzeko, horma eraistea erabaki du, eta bere terreno naturalera itzularaztea.
Asteazkenean ekingo diote horma eraisteko lanei. Horman ikusten den harriz osatutako zatia eta atzean eginda duen betelana kenduko dituzte, eta hormaren berezko malda naturala utziko dute. Malda bera ez baita mugitzen ari. Jadarre auzoari dagokionez, goikaldeko espaloia eta urbanizazioa dira eraitsiko direnak.
Lanek hiru asteko iraupena izatea aurreikusten da. Bitarte horretan, errepidearen errail bat itxita izango da.
Jadarreko etxeek arriskurik ez
Mugitzen ari dena, eta erortzeko arriskua duena egindako horma da, ez malda bera. Kenduko den horma eta bete lana dira mugitzen ari direnak. Malda naturalak ez du inongo kalterik, eta beraz, Jadarre auzoko etxebizitzek ez dute inongo arriskurik.



