Jarrera sexistak salatu ditu Udalak

2018/04/10

Zumaiako Udalak asteburu honetan, santelmoen baitan, herriko taberna batean gertatutako eraso eta jarrera sexista salatu nahi izan ditu eta elkartasuna adierazi die erasoa jasan duen emakumeari zein bere hurbilekoei.

EAJ-K, PSE-EE-K eta EH BILDU-K ONARTUTAKO OHARRA

Zumaiako Udalak asteburu honetan santelmoetan herriko taberna batean gertatutako eraso eta jarrera sexistak salatu nahi izan ditu eta elkartasuna adierazi die erasoa jasan duen emakumeari zein bere hurbilekoei. 

Horren aurrean, Udalak publikoki eta aho batez adierazi nahi du emakumeenganako indarkeria mota guztiak gaitzesten dituela.  Horrelako gertaerak ez dira onartzen gure gizartean eta horregatik, erakunde, elkarte eta herritarrek lanean jarraitu behar dute, emakumeak indarkeria matxistarik gabe bizi daitezen.

Helburu horretan, instituzioek eta herritarrek bat egin behar dute, guztion ardura baita berdintasunean, errespetuan eta bakean oinarritutako gizartea eraikitzea, guztion ardura den bezalaxe indarkeria sexistaren aurrean erantzun egoki eta bateratua ematea eta indarkeria sexista ekiditeko baliabideak jartzea.

Udalak gogor borrokatzen jarraituko du Zumaian berdintasuna, errespetua eta bakea bermatzeko. Horri lotuta, indarkeria egoerei aurre egiteko protokolo eta baliabideak daudela berretsi du eta horrenbestez, gaitzetsi egiten ditu zigorra nork bere kabuz ezartzeko indarkeria eraso guztiak.

Eraiki dezagun guztion artean indarkeria matxistarik gabeko herria eta bizi gaitezen guztiok elkarren arteko errespetu eta berdintasunean.