Jose Maria Zubia “AITA MARI”, itsas salbamenduaren ikur
Hilabete honen 9. egunean ospatu zen Jose Maria Zubia “Aita Mari” zumaiarraren heriotzaren 150. urteurrena. Arazoetan aurkitzen ziren itsasontzi eta arrantzaleak salbatzeko egindako saiakerengatik egin zen Zumaian jaiotako arratzale eta patroia ezagun. Ez dago bere bizitzaren inguruko datu askorik eta dauden gutxietarikoak gizona heroi bihurtzen duten garaiko kronika ederrak dira.
Jaiotzetik itsasoari estuki loturiko bizia izan zuen. Itsasoari begira bizi zen herri batean etorri zen mundura eta itsasoa hautatu zuen bizimodu; Zumaian arrantzale bezala lehenik, Ameriketan marinel gisa ondoren eta azkenik arrantza-ontzi baten jabe eta patroi Donostian. Bizitokiek eta ogibideek ederki erakutsia zioten itsasoaren zakartasuna noraino iritsi zitekeen. Kuraia handiko gizona zela esaten dute kronikek, baita bihotz eta eskuzabaltasun handikoak ere. Horrela behar zuen izan, besteak salbatzearren bere bizia arriskuan jartzeko prest agertu baitzen behin eta berriz eskura zituen medio xumeekin.
1861eko uztailaren 13ko galernan San Juan txalupako arrantzaleetatik hiru uretatik bizirik atera izanagatik egin zen ospetsu Jose Maria Zubia. Itsas sorospenengatik ezaguna zen gizon hau, itsas sorospenaren ikur bihurtu zen 1866ko urtarrilaren 9ko salbamendu saiakeraren ondoren. Egun hartan ekaitz bortitz batek jo zuen Gipuzkoako kostaldea eta Donostiako badian sartu nahian zebilen Getariako itsasontzi baten tripulazioa salbatzeko lanetan heriotza topatu zuen.
Itsas sorospenen ikur nagusia izan arren, esan beharra dago, Jose Maria Zubia ez zela izan horrelako balentriak egin zituen bakarra. Euskal kostaldean zehar makina bat gizon eta emakumek arriskatu dute beren bizia itsasoan besteena salbatzeagatik. Horren adibide xumea izan daiteke orain 50 urte, Zumaian Aita Mariren heriotzaren 100. urtemuga ospatzeko programaturiko ekitaldien baitan, “urrikalduak salbatzearren beren buruak arriskoan jarri dituzten zenbaiti oroigarriak” eskaini izana. Aita Mariren omenaldi hura jasotzen duen espedienteak, oroigarri horiek nori eman jakiteko, itsas salbamenduak buruturiko Bizkaiko eta Gipuzkoako zenbait gizon eta emakumeren ziurtagiriak jasotzen ditu.
Kostaldeko herrietan itsasoaren besoetan bizia galdu dutenen zerrendek agerian uzten dute gure itsasoak izan duen eta duen arriskua. Kantauri itsasoak badaki bere haserrea erakusten; batzuetan bat-bateko galerna eta ekaitz moduan, ezusteko olatu eta korronte moduan bestetan. Lehenak izaten dira bortitzenak eta beraz hilkorrenak; aldi bakarrean heriotz gehien sortzen dituztenak. Egia gordina, ordea, eguneroko jarduera hauetan gertatzen ziren hondamendi “txikiak” ugariak zirela eta horrelakoetan bizia galdu duten arratzale eta marinel kopuruak kostaldeko herrietako demografian eragin handia zuela. Hala ere, oroimen kolektiboan gorderik mantendu direnak ezusteko galernek sortutako ezbeharrak izan dira. Ezin bestela izan, hauek baitziren arrantzale komunitate txikiak bortizki astintzen zituztenak.
Nahikoa da garaiko arrantzaleek erabiltzen zituzten itsasontziak haize eta beso-indarrez zebiltzan tresnak zirela kontuan izatea, itsasoan lan egiten zutenen egoeraren arriskuaz ohartzeko. Horretaz gain, beren lana ezegonkortasun handiko ingurune batean burutzen zutela ere haintzat hartu behar da. Egunsentian itsasoratu eta arratsean lehorrera itzuliko ziren jakin ezinik burutzen zuten jarduna. Gaur egun, itsas sorospen zerbitzua dago horrelako ezbeharren aurrean jarduteko baina, Euskal Herriak itsasoarekin duen lotura historiko luzea kontutan hartzen badugu, agerian geratzen da oso zerbitzu gaztea dela. Aita Mariren garaian itsas sorospenari loturiko zerbitzuak Gipuzkoan jaio berriak zirela esan daiteke. Honek bertako portuetan horrelako zerbitzurik ez egotea edota medioak oso urriak izatea suposatzen zuen.
Itsas sorospena kontu nahikoa berria izan arren, beren ogibideak zituen arriskuez jakitun, kofradietan antolatutako arrantza-komunitateek zenbait segurtasun neurri hartu izan dituzte historian zehar. Neurri hauek ez ziren itsas sorospenerako neurriak, itsas ezbeharrak ekiditeko baizik. Gaur egungo ikuspuntutik ia baliogabeko arauak diruditen arren, garaian berebiziko garrantzia izan zuten. Asko orokortuz eta laburbilduz, Euskal kostaldeko kofradien neurriak ondorengoak izan zirela esan daiteke:
- Itsasontziak modu egokian mantentzea
- Ontzi bakoitzak eraman ahal zituen gizon kopurua eta eraman beharreko tresnak finkatzea, arrantza eta itsasontzi motaren arabera
- Kostaldeko puntu garrantzitsu eta arriskutsuetan argiak piztea
- Itsasoratu eta lehorreratzeko erabakiak kudeatzeko moduak ezartzea
- Itsasontzien porturako sarrera arautzea
Aurreko zerrendako azken puntuarekin zerikusia duen neurria jasotzen da Zumaiako San Telmo kofradiaren 1787ko akordio liburuan. Herriak zuen arazo larrienetariko bat bere barrak suposatzen zuen arriskua zen. Horretaz jakitun, txalupa batek Zumaiara sartu nahian zebilen itsasontzia gutxienez “peña de Arbustain” zeritzon parajeraino atoan eraman behar zuela erabaki zuen kofradiak. Barraren arriskua ekiditen lagundu nahi zuen neurria zen.
Kofradia desberdinek ezarritako arauek segurtasuna apur bat bermatu arren, ez zituzten ezbeharrak ekiditen. Besteak beste, Aita Mariren ekintzek argi erakusten dute itsas sorospenera zuzenduriko neurrien gabezia eta, jadanik XIX. mendearen erdialdean, gaia landu eta neurri zehatzak ezartzeko behar gordina.
Oihana Artetxe (Ereiten Kultur Zerbitzuak)
*Udal artxiboan bilatutako datu bitxiekin osatutako artikulu guztiak kontsultatzeko eta udal artxiboa nola kontsultatu jakiteko klikatu hemen.