Joseba Zubizarretak irabazi du XXII. Julene Azpeitia ipuin lehiaketa

2009/11/13

Xabier Aldayk jasoko du bigarren saria eta zumaiar onenaren saria Asier Arakistainen ‘Langile baten gogoetak’ lanarentzako izango da. Abenduaren 3an egingo da sari-banaketa ekitaldia.

 

Zumaiako Udalak antolatutako Julene Azpeitia XXII. Ipuin lehiaketako epaimahaia Imanol Azkue, Uxue Alberdi eta Ana Urkizak osatu zuten. Azaroaren 3an bildu ziren eta lanak aztertu ondoren, honako hau izan zen emaitza:

Lehen saria, Kutxak emandako 3.000 euroko saria Joseba Zubizarretak idatzitako 'Epel' ipuinarentzat izan da. Ipuin honetan kontatzen den istorioa ez da berria, baina kontatzeko modua oso aberatsa da. Bizitza luze arrunta ala laburra eta oso sutsua, zer da hobea? Galdera horixe ageri da ipuin honetan. Epaimahaiaren iritiziz oso ondo sartzen den ipuina da, laburrean gauza asko kontatzen dituena eta oso zuzena.

Bigarren saria, hau ere Kutxak emandako 1.500 euroko saria Xabier Aldayrentzat izan da 'Europa' izeneko lanarengatik. Gazteen mundura hurbiltzen gaitu ipuin honek, erakuste argia egiten du testuinguru ezagun batean eta ikuspegi kritiko batetik abiatuta. Oso istorio erakargarria da, deskribapen onak ditu, mugimendu handia, berria eta freskoa da. Egitura aldetik ere oso biribila da eta ondo amaitzen da.

Azkenik, Zumaiako onenaren saria, Zumaiako Udalak emandako 1.000 euroko saria, Asier Arakistainen 'Langile baten gogoetak' lanarentzat izan da.  Oso ongi idatzitako ipuin honetan, autoreak lan mundua eta literatura uztartzeko trebetasuna du, eta erakusten dituen bi munduen domeinu handia. Ipuinak oso erritmo ona du, kritikaz eta umorez josita dago, bete-betean asmatzen du.

Aurten, 30 ipuin aurkeztu dira, eta horietatik bi zumaiarrek idatzi dituzte.

 

Sari banaketa abenduaren 3an

Sari banaketa abenduaren 3an izango da, euskararen egunean, Aita Mari aretoan arratsaldeko zazpietan, ondoren, "Internet kafe" ikuskizuna eskainiko da, Mikel Urdangarin eta Kirmen Uriberen eskutik.