Abian da Julene Azpeitia 23. ipuin lehiaketa

2010/07/14

Zumaiako Udalak antolatu du, Kutxaren babesarekin. Lanak irailaren 30a baino lehen aurkeztu beharko dira.

 

Literatur sorkuntza bultzatzeko asmoz, Zumaiako Udalak KUTXAren laguntzarekin 'Julene Azpeitia 23. ipuin lehiaketa'  antolatu du.

Lehiaketa honetara aurkeztutako idazlanek baldintza hauek bete beharko dituzte:

1.- Euskaraz idatzita egon, originala izan eta argitaragabea. Beste lehiaketaren batean saririk jaso edo/eta literatur sormenerako laguntzaren bat jasoa duen idazlanak, ezingo du parte hartu.

 Ezin dira aurkeztu jatorriz beste hizkuntza batean idatziak izan eta lehiaketarako euskaratuak izan direnak.

2.- Gaia librea izango da, gutxienez 6 orrialde eduki beharko ditu eta gehienez 15, makinaz idatzirik bi espaziotara, orriaren alde batetik. Lan bakoitzaren hiru ale bidaliko dira.

3.- Idazlanak, onartua izateko, izenburua bakarrik eramango du agerian eta idazlearen izena ezin izango da inon aipatu. Idazlanarekin batera, gutunazal itxi bat bidali beharko da, kanpoaldean idazlanaren izenburua jarrita, eta barrualdean, berriz, egilearen izen-abizenak, telefonoa, sinadura eta NANaren fotokopia.

4.- Zumaiako Udalak izendatutako epaimahaiak ebatziko du lehiaketa.

5.- Sariak eman gabe utzi ahal izango dira, eta finkatutako diru kopuruak zatiezinak izango dira.

6.- Lanak aurkezteko epea irailaren 30ean amaituko da. Sari banaketa garaiz adieraziko da.

7.- Saririk lortu ez duten idazlanak Zumaiako Udaletxean jaso ahal izango dira.

8.- Zumaiako Udalak beretzat gordetzen du saritutako obrak argitaratzeko eskubidea, baina argitaratzekotan, epaimahaiak ebazpena eman eta urtebeteko epearen barruan argitaratu behar du, bai bere kabuz, bai beste batzuen bidez. Lehenengo argitalpenaren ustiapen eskubideak Zumaiako Udalarenak izango dira.

9.- Epaimahaiaren ebazpena itzulezina izango da, eta lehiaketa honetan parte hartzeak oinarri hauek onartzen direla esan nahi du.

10.- Idazle bakoitzak ezin izango du sari bat baino gehiago jaso.

11.- Idazlanak helbide honetara bidali beharko dira:

Zumaiako Udala. Euskara Zerbitzua. Foruen Enparantza, 1. 20750 Zumaia. Julene Azpeitia 23. ipuin lehiaketarako dela adierazita.

Sariak

Hiru sari banatuko dituzte parte hartzen dutenen artean. Lehenengoak 3.000 euro jasoko ditu, bigarrenak 1.500 euro eta zumaiar onenak, berriz, 1.000 euroko saria eskuratuko du.