Julene Azpeitia ikastetxeko lanetan azken ukituak
Gaur, ostirala, ekin diote jolasgunearen bi eremuak asfaltatzeko lanei. Datorren asteazkenean hasiko dute haurrek ikasturte berria eta ordurako jolasgunea prestatuta izango da.
Julene Azpeitia ikastetxeko patioan estalpea egiteko lanak azken fasean murgilduta daude. Ekainean hasi zuten obra eta dagoeneko estalpearen egitura eta instalazio guztia egina dago. Horrez gain, gaur, ostirala, ekin diote patioko bi jolasguneak asfaltatzeko lanei.
Datorren asteazkenean, hilak 9, hasiko dute Julene Azpeitia ikastetxeko haurrek ikasturtea eta ordurako jolasgunea prestatuta izango dute. Falta den bakarra estaldura izango da. Estalpearen egitura eta instalazio guztia egina dago jada eta datozen egunotan jarriko da estaldura. Lan horiek bukatu bitartean babestuta egongo da estalpeari dagokion eremua.
Ildo beretik, Alai auzategitik egokituko zaion sarbidea egiteko urbanizazio lanekin errematatuko da obra eta urrirako bukatuta izango dira lan guztiak.
Gainontzeko lanak ere aurreratuta
Julene Azpeitiako lanez gain, Udalak beste sei proiektu sustatu ditu Espainiako Gobernuak krisiari aurre egiteko emandako dirulaguntzen bidez. Surfeko lokal berria, anbulatorio inguruaren berrurbanizazioa (bi proiektu), Aita Marin aparkalekuak, Artadin ur-andela berria eta Oikiarako ur hornidura berria egiten ari da Udala. Hirigintza Sailetik jakinarazi dutenez, bide onetik doaz lanak eta asko aurreratuta daude.
Proiektu horiei buruz informazio gehiago jasotzeko, kontsultatu abuztuko ZumaiZu aldizkaria.



