Herri Eskolako Aita Mari eraikinaren sarreran, irisgarritasuna hobetzeko lanen lehenengo faseari ekingo zaio astelehenean

2019/01/25

Lan horien helburua da oinezkoen eta, bereziki, haurren irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzea, oinezkoak lehenetsiz eta ibilgailuen presentzia gutxituz. Kalearen bukaerako zatiari eragingo dio lehenengo fase honek eta bertan kotxeen zirkulazioa garajeko sarrera irteeretara mugatuko da.

Aita Mari auzategian kokatuta dagoen Zumaiako Herri Eskolaren eraikinera sartzeko bidea oinezkoentzat irisgarriago eta seguruago egiteko helburuarekin, irisgarritasuna hobetzeko lanak egingo ditu Zumaiako Udalak. Aipatu lanak bi fasetan egingo dira eta lehenengo fasea gauzatzeko lanei astelehenean ekingo zaie.

Esan bezala, lan horien helburua da oinezkoen eta, bereziki, haurren irisgarritasuna eta segurtasuna hobetzea, oinezkoak lehenetsiz eta ibilgailuen presentzia gutxituz. Kalearen bukaerako zatiari eragingo dio lehenengo fase honek eta bertan kotxeen zirkulazioa garajeko sarrera irteeretara mugatuko da. Lehenengo fase honetan berrituko den kale zatian, beraz, ez da aparkatzerik izango lan horiek burutu ondoren.

Lehen fase honetako lanek hilabete eta erdi inguru iraungo dute eta garajeko sartu irtenei neurri batean eragingo badiote ere, oro har, garajerako sarrera zabalik egongo da lanek dirauten bitartean. Soilik 1-2 egun egongo da erabat itxita garajeetako sarrera, asfaltatze lanak burutzen diren momentuan, lanen amaiera aldera, eta garajeen erabiltzaileak jakinaren gainean jarriko dira aldez aurretik, sarbiderik ez duten bitartean, kotxea garajetik kanpo uzteko aukera izan dezaten.

Amaitzeko, herritarrentzat, oro har, eta haurrentzat bereziki, beharrezkoak eta onuragarriak izango diren lan horiek, eragozpen bat edo beste sortuko dizkie garajeen erabiltzaileei, horregatik, Udalak barkamenak eskatzen dizkie aldez aurretik.