Julene Azpeitia ipuin lehiaketako sari banaketarekin eman zitzaion atzo bukaera Euskararen Asteari

2015/12/04

Atzo, abenduak 3, banatu ziren Julene Azpeitia 28. ipuin lehiaketako sariak. 80 bat lagun bildu ziren atzo ilunabarrean sari banaketa ikusteko, eta ondorengo Anari kantariaren kontzertua entzuteko. Markel Txasko (Lehen saria), Garazi Mugerza (Bigarren saria) eta Telmo Iruretak (Zumaiako onenaren saria) Marikruz Alvarez eta Jon Iraola zinegotzien eta Oier Korta alkatearen eskutik jaso zituzten sariak.

Eskerrak parte-hartzaileei

Zumaiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eskerrak eman nahi dizkie Euskararen Asteko ekintzetan parte hartu duten guztiei: larunbatean euskararen aldeko ura katiluz katilu pasatzen aritu zirenei, antolaketan laguntzen aritu zirenei, Musika Eskolako trikitilariei, euskarazko filmak ikustera joan zirenei eta Julene Azpeitia ipuin lehiaketako sari banaketara agertutakoei ere bai.

Zumaiarrek berriz ere  bikain erantzuten dute, euskaraz bizitzeko borondatea eta ekimena badagoela erakutsita.