Torreagako zaintza espazioaren aukerak aztertzen jarraitzen du Prebentzio Mahaiak
Juntura kooperatibak zaintza beharrak asetzeko espazioaren antolaketa proposamena landu du, eta aste honetan aurkeztu dio Prebentzio Mahaiari. Ekarpenak jaso, eta azken diseinua osatzeko lanean jarraituko dute.
Juntura kooperatiba Torreagako zaintza espazioaren proposamena lantzen ari da azken hilabeteotan, Prebentzio Mahaiak hala erabakita. Aste honetan, orain arteko lana aurkezteko eta kontraste saioa izan da, espazioaren diseinuari, erabilerei eta antolaketari buruzko ekarpenak jasotzeko.
Aurkeztutako proposamenak Torreagako lokalak zaintza beharrak asetu eta elkargune izatea du helburu, erabilera eta zerbitzu desberdinak espazio berean bateratuz. Horretarako, irisgarritasuna, egongelaren izaera eta erabilera-aniztasuna hartu dituzte diseinuaren ardatz nagusitzat.
Juntura kooperatibak azaldu duenez, aurretik eraikina aztertu, eragileekin elkarrizketak egin eta zerbitzuen beharrak eta eskakizun teknikoak landu dituzte. Jasotako ekarpenak proposamenean txertatu eta azken diseinua osatzea izango da hurrengo urratsa.
Espazioa topaleku bilakatzea
Diseinu estrategien ardatzetako bat izan da Torreagako lokala topaleku bihurtzea. Horretarako, kanpoaldearen eta barrualdearen arteko harremana indartzea proposatu dute, sarrera-irteerak eta espazioaren itxitura izaera kontuan hartuta.
Egongela harrera eta artikulazio elementu nagusi gisa planteatu dute, espazioko zerbitzu desberdinen arteko lotura izateko. Helburua etxe-girokoa, atsegina eta moldakorra den elkargunea sortzea da, herritarrek egoteko eta harremanak izateko aukera izan dezaten. Horrez gain, irisgarritasuna lehenetsi dute, orgatxoekin edo gurpil-aulkiekin eroso mugitzeko moduko espazio zabala proposatuz.
Egongelaren erabilera autonomoa ere aztertu dute, gainerako zerbitzuen funtzionamenduarekiko independentea izan dadin. Hala, taberna edo beste zerbitzu osagarri batzuk itxita egon arren, egongela erabiltzeko aukera egongo litzateke, kontsumitzeko beharrik gabe.
Erabilera eta zerbitzu anitzak
Aurkeztutako proposamen eskematikoan, erabilera desberdinetarako hainbat eremu aurreikusi zituzten:
-
Ludoteka.
-
Auzo-egongela.
-
Eguneko zentroa.
-
Sukalde komunitarioa.
-
Taberna.
-
Gela balioanitza.
-
Zehaztu gabeko erabilera-eremuak.
Gela balioanitzaren erabilera erreserben bidez antolatzeko aukera ere aztertu dute, auzotarrek kudeatzeko aukerarekin. Era berean, sukaldea, taberna, komun publikoa eta denda bezalako zerbitzuak lokalaren antolaketan nola txertatu aztertu dute saioan.
Proposamenak, beraz, zaintzarekin lotutako zerbitzuak eta komunitatearen erabilerarako espazioak bateratzeko aukera planteatu du, baina aurkeztutako erabilerak eskematikoak dira, eta oraindik ez dago behin betiko diseinurik.
Proposamena osatzeko hurrengo urratsak
Azken saioan, Juntura kooperatibak aurkeztutako proposamena aztertu eta ekarpenak jasotzeko aukera izan zuten parte-hartzaileek. Lanketaren hurrengo faseetan, proposamena aztertu eta ebaluatuko dute, jasotako ekarpenen arabera aldaketak egin, eta azken diseinua osatzeko.
Lanketaren helburua Torreagako espazioaren aukerak zehaztea da, zaintza beharrei erantzuteko eta komunitatearen arteko harremanak sustatzeko espazio irisgarri, askotariko eta erabilera desberdinak bateratzeko gai den bat diseinatzeko.



