Justa tabernak ateak itxiko ditu

2018/08/28

Tabernariek hala erabakita, datorren ostiralean itxiko ditu ateak aipatu tabernak. Agur modura, ostiralean bertan, tabernariek 19:30-21:30 bitartean itxiera festa egingo dute eta edariak zein pintxoak dohainik eskainiko dituzte.

Datorren ostiralean, hilak 31, Justa tabernak amaitutzat emango du bere ibilbidea eta horrenbestez, tabernako ateak behin betiko itxiko ditu.

Aipatu taberna aski ezaguna da Zumaian, herriko toki esanguratsuenetako batean kokatuta egoteaz gain, urte ugari egin dituelako zabalik herritarrei zein kanpotarrei zerbitzua eskainiz.

Urte askotako lanaren ostean, ordea, tabernako arduradunek negozioa ixteko erabakia hartu dute eta agur modura itxiera festa egingo dute. Ostiralean bertan tabernariek edaria zein pintxoak dohainik eskainiko dituzte 19:30-21:30 bitartean.

Kofradiako ondarea

Justa taberna Kofradiako eraikinean egonik, Kofradiako ondarearen baitan kokatzen da. Orain urte batzuk ondare hori Eusko Jaurlaritzari laga zion Kofradiak berak eta azken urteotan, Jaurlaritzak Udalaren gain utzi du aipatu eraikin eta ondarearen jabegoa. Gaur egun, beraz, Kofradiako ondarea, Udalaren jabegokoa da.

Udal artxiboan aurkitutako zenbait dokumentuen arabera, Kofradia abian zen 1601. urterako, nahiz eta gaur egun oraindik ez den ezagutzen erakinaren sorrera data zehatza. Orduz geroztik, urteak aurrera egin ahala, Zumaiako eraikin historiko eta sinbolikoenetarikoa bilakatu da, eta gaur egun, Gipuzkoan gelditzen den bentaleku bakarra ere jasotzen du. Horrez gain, euskara eta euskal kultura indartu eta ezagutarazteko “Enigma Bizia” bisita gidatuaren elkarguneetako bat ere bada.

Tabernaren kasuan, ordea, honek ez ditu betetzen legeak ezarritako hainbat araudi eta espazio hori berriro zabaldu ahal izateko hainbat obra egin beharko lirateke bertan. Horregatik, aurrerantzean, bai tabernaren zein eraikinaren garrantzia aintzat hartuta, Udalak etorkizunera begira Justak utziko duen espazioari eman diezazkioken erabilera ezberdinak aztertuko ditu.