Kabi kutxak jarri ziren artadian

2014/04/08

Joan den martxoaren 1ean kabi kutxak egiteko tailerra burutu zen Algorri Interpretazio Zentroan eta larunbat goizean irteera antolatu zen artadian kabiak kokatzeko. Goizeko 11:00tan elkartu ziren 60 lagun Guascor-eko eraikinaren inguruan, eta hortik artadian gora egin zuten. Bidean zehar, haurrak kabiak kokatzeko egokiak ikusten zituzten txokoak aukeratu zituzten eta eskailera baten laguntzarekin egindako kabi kutxak kokatu zituzten. Esperientzia ederra izan zen gehienentzat, izan ere, artadian dagoen ibilbide zaharretatik barrena ibili ziren, gehienentzat ezezagunak ziren txokoak deskubrituz. Gainaldean, berriz, sorpresa ederra izan zuten: askorentzako orain arte ezezaguna zen Zumaiako ikuspegi panoramiko eder batekin egin zuten topo. Guztira kaskabeltzarentzat eta amilotxarentzako 16 bat kabi kutxa jarri ziren eta saguzarrentzako, berriz, beste bi kabi kutxa berezi. Gerora begira kabi kutxen jarraipena egingo da.