KAI MUTURREKO OBRAK UDA OSTEAN AMAITUKO DIRA

2017/07/07

Bertan egindako lanekin behin-betiko irtenbidea emango zaie barrak egun dituen ezegonkortasun arazoei. Obra udazkenean amaitzea aurreikusten bada ere, ez da baztertzen udan zatiren bat oinezkoei irekitzea, beti ere, lanek eta guztien segurtasunak ahalbidetzen duen neurrian.

2016an ekin zieten Zumaiako barra konpontzeko lanei eta obrak nahi baino gehiago atzeratu badira ere, aurtengo uda ostean bukatuko direla adierazi du Udalak.

Atzerapen horren arrazoia neguko etenaldia izan da. Izan ere, negu sasoian itsasoaren baldintzek ez dute uzten hor lan egiten. Ondorioz, neguko hilabete gogorrenetan obrak geldirik egon dira 2014ko urtarrilaren 31n gertatutakoak ez errepikatzeko. Izan ere, orduko hartan, besteak beste, olatuek garabi bat bota zuten uretara.  Eguraldiaren baldintzak hobetzearekin batera, berriztatze lanak martxan jarri dira berriro eta, esan bezala, datozen hilabeteotan amaitzea aurreikuste da.

Duela 4 urteko ekaitzek gogor kolpatu zuten Zumaiako kai muturra eta orduan berritze lanak egin ziren arren, ez zitzaion behin betiko konponbiderik eman arazoari. Ondorioz, 2016ko neguko olatuek 50 metroko kai zatia eraman zuten, beste behin ere. 

Hori dela eta, segurtasun eta ezegonkortasun arazoei behin betiko irtenbidea eman nahi izan zaie, Kantauri itsasoaz ari garelarik, horrelakoak ziurtatzea ezinezkoa den arren.

Horretarako, udal gobernua harremanetan jarri zen Eusko Jaurlaritzako Portu Zuzendaritzarekin eta hainbat bilera egin ostean, gobernu taldeak lortu du Portu zuzendaritzak, Zumaiako kai muturra konpontzeko 2.398.220 euroko inbertsioa egitea.

Obraren nondik-norakoak

Era berean, kai-muturraren ibai aldeko barrenean zeuden harritzarrak ere mugitu zituen urak. Beraz, eremu hori ere egonkortu egingo da, pieza aurrefabrikatu berriak ipinita.

Beraz, horrekin guztiarekin Udala oso kontentu azaldu da, lan horiei esker, Zumaiako lekurik adierazgarrienetako bat guztiz berreskuratzeaz gain, behin betiko egonkortuta geldituko delakoan, itsasoarekin bermerik ez dagoela jakinda ere.