Kaleko elkarrizketetan haur zein gazteek erabiltzen dute euskara gehien Zumaian

2012/11/09

Soziolinguistika Klusterrak iaz egin zuen Euskal Herri osoan euskararen erabilera neurtzeko kale behaketa. Datuak aztertu ondoren, plazaratu ditu. Zumaian, Belen Uranga zumaiarrak eman zituen ezagutzera.

 

2011ko udazkenean egin zen bost urtean behin egin ohi den euskararen kale erabileraren inburuguko azterketa. Zumaiakoa, Euskal Herri osoan egiten den azterketa baten zatia da. Euskal Herri osoko 47 herritan neurtu zen 2011n euskararen kale erabilera. Zumaian, guztira 1.616 elkarrizketa behatu ziren, eta guztira 5. 063 lagunek osatu dute lagina. Azterketa horretan aipagarriena da, Zumaiako kaleetan euskaraz gehien egiten duten pertsonak haur eta gazteak direla.  

Azterketa honen arabera, Zumaiako kaleetan entzun daitezkeen elkarrizketen erdiak baino zertxobait gehiagok egiten dute euskaraz. Zehazki %52, 8ak erabiltzen du euskara. %45, 8k egiten dute gaztelaniaz eta %1,4k beste hizkuntzaren batean. Eustaten azken datuen arabera (2006ko datuak dira) Zumaian bizi direnen  %70, 7a euskaldunak dira, eta %15, 8a ia euskaldunak (ulertzen dute baina ez dira moldatzen irakurtzen eta idazten).

 

Ona hemen azterketaren ondorio nagusiak:

• %52,8koa izan da Zumaian euskararen erabilera. Gainerako elkarrizketak gaztelaniaz (%45,8) edo beste hizkuntza batzuetan (%1,4) izan dira.

• Euskararen erabilerak gora egin zuen Zumaian, oso apal bada ere, 2000. eta 2006. urte bitartean: %55,8tik %58,0ra, hain zuzen; 2006-2011 tartean, berriz, behera egin du, %52,8raino iritsi arte.

• Euskara gehiago erabiltzen da Zumaian (%52,8), n (%13,3), EAEn (%16,1) eta Gipuzkoan (%32,7) baino, alde handiarekin, gainera. Eskualdeko datuekin alderatuta, ordea, Zumaian euskara gutxiago erabiltzen da gaur egun, Urola Kostan baino (%70,4). Azken bosturtekoan asko handitu da Zumaiaren eta eskualdearen arteko tartea.

• Haurrak (2-14 urte) eta gazteak (15-24 urte) dira euskara gehien erabiltzen dutenak (%71,2  eta %70,9 hurrenez hurren). Helduek (25-64 urte) eta adinekoek (65 urtetik gorakoak), gutxiago erabiltzen dute: helduen %42,2 entzun ditugu euskaraz eta adinekoen %45,3.

• Azken 11 urteak aztertuta, euskararen erabilerak behera egin du helduen eta adinekoen artean. Gora egin du nabarmen gazteen artean, 2000ko %52,4tik 2011ko %70,9ra.

• Haurren erabilera gorabeheratsua izan da aztertutako epealdian: 2000-2006 tartean gora egin zuen, %72,4tik %80,2ra, eta hortik 2011ra, berriz, behera egin du, harik eta 2011n %71,2ra iritsi den arte.

• Haurrez osaturiko taldeek (nagusiak ez daudenean, alegia) erabiltzen dute gehien euskara (%83,9). Euskara gutxiago entzun dugu nagusiak eta haurrak nahasian egon diren taldeetan (%59,6). Eta gutxien nagusi hutsez osatutako taldeetan entzun dugu (%41,0).

 

Azterketaren datu guztiak ikusteko klikatu hemen.