Karmele Mitxelena eta Asier Osinalde Julene Azpeitia 25. ipuin lehiaketako saridunak
Aurtengoan, guztira 27 lan aurkeztu dira, eta tamalez, Zumaiako onenaren lana hutsik gelditu da. Sari banaketa azaroaren 29an, 19:00etatik aurrera izango da. Aurrez, 16:00etatik aurrera 25. urteurrena ospatzeko, urte hauetan guztietan sarituak izan diren ipuinen irakurketa publikoa egingo da.
Abenduaren hasieran bildu zen epaimahaia lehiaketa erabakitzeko. Bertan izan ziren, Ana Urkiza, Yolanda Arrieta eta Josu Waliño, Udaleko euskara teknikariak idazkari lanak egin zituen botorik gabe. Epaimahaiko kideen esanetan aurten aurkeztutako lanen artean oso ale onak daude, tartean gazte literaturaren arloan saritzeko modukoak. Aurten 27 lan aurkeztu dira, horietatik bi zumaiarrenak. Tamalez, mende laurdena ospatzen den honetan Zumaiako onenaren saria hutsik gelditu da, eman gabe, hala ere, aurreko urteetako lanen maila ikusita, ez da kezkatzeko kontua inola ere, eta ziur gaude aurrerantzean ere izango direla lan onak zumaiarren artean, horregatik Udaletik idazteko zaletasuna duten herritarrak animatu nahi ditugu lehiaketara aurkezten jarrai dezaten datozen urteetan ere.
Euskal Herri guztitik aurkeztu diren lanean artean, onenak ondorengo hauek direla erabaki dute epaimahaia osatu duten idazleek:
1. saria. Karmele Mitxelena Etxebesterentzat izan da Begiratzen ahaztuta ipuinari esker eskuratu du. Ipuinik onena izan da, kontakizun osoa delako, haria oso ondo eramanda dago eta amaieran biribiltzea lortzen du autoreak. Emakume baten gainbehera kontatzen da ipuinean eta oso ondo islatzen dela nabarmendu du epaimahaiak, pausoz pauso ia irakurlea konturatu ere egin gabe, ukitu literarioarekin amaitzen den arte.
2. saria. Asier Osinalde Vidalentzat izan da Two typicla irish guys in a tavern ipuina deskribapenetan oinarritzen da, oso grafikoa da hitzekin irudiak osatzen ditu eta bertan jasotzen dira objektuak eta ekintzak, denak ere esanguratsuak amaieran pieza guztiek puzzle ondo osatua eratu arte.
.Sariak banatzeko ekitaldia azaroaren 29an izango da, arratsaldeko 19:00etan Alondegian. Ekitaldiaren baitan Miren Agur Meabek eta Ibone Ibazetak “Bitsa eskuetan” emanaldia eskainiko du. Horren aurretik gainera, 16:00etan hasita, 25. urteurrena ospatzeko, urte hauetan guztietan sarituak izan diren ipuinen irakurketa publikoa egingo da sari banaketara bitartean.