Keretxudi udal baratze-parkean, partzela bat eskuratzeko deialdi berria zabaldu du Udalak

2019/02/14

Izen-emate epea otsailaren 28an amaituko da eta eskatzaileen artean zozketatuko dira libre dauden 12 partzelak. Eskaera Zumaiako udal erregistroan aurkeztu beharko da eta Ordenantzan eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatu beharko da.

Zumaiako Udaleko Osoko Bilkurak Keretxudi udal baratze-parkea arautzeko ordenantza onartu ondoren, baratza erabiltzeko baimena eskatzeko izen-emate epea zabaldu zen. Behin epea amaituta, partzelen zozketa egin zen eta Keretxudi baratze parkea zabaldu zen 2018ko azaroaren 21ean. Baldintza guztiak betetzen zituzten eskatzaileek, ordea, ez zituzten bete partzela guztiak eta 12 partzela libre gelditu ziren. Udalaren asmoa partzela guztiak esleitzea izanik, deialdi berri bat ireki du, interesa duenak izena eman dezan.

Zumaiako Keretxudi udal baratze-parkean, partzela bat eskuratzeko interesa dutenek izena eman dezakete 2019ko otsailaren 28ra bitarte. Behin epea igarota, eskatzaileen artean, gelditzen diren partzelak zozkatuko dira. Eskaerak Zumaiako udal erregistroan aurkeztu beharko dira eta ordenantzan eskatutako baldintzak betetzen direla egiaztatu beharko da:

  • Udalerrian erroldatuta egotea
  • Fisikoki gai izatea baratzean garatuko diren nekazaritza eta laborantza jarduerak egiteko
  • Zumaiako Udalaren zerga-betebehar guztiak eta gainerako ordainketa guztiak egunean izatea
  • Beste baratze baten erabiltzailea den familia-unitateko kidea ez izatea
  • Eskatzaileak edo bere familia-unitateko kideren batek ez edukitzea ez jabetzan ez gozamen-eskubidean, edo alokairuan nekazaritza-jarduerarako egokia den lursailik, edozein tokitan dagoela ere.

Ezinbestekoa izango da baldintza horiek betetzen direla egiaztatzen duten dokumentuak edo zinpeko aitorpena aurkeztea. Horrekin batera, inprimaki ofiziala eta NAN-aren kopia ere aurkeztu beharko dituzte.

DEIALDIA