Kirol ekintza eta instalakuntzak zuzenean kudeatzeko apustua sendotzeko, Kirol Patronatua eratzeko pausoak ematen ari da Udala
Estatutuak onartuta badaude ere, Kirol Patronatua eratzeko ezinbestekoa da 2012 urteko aurrekontuak onartzea.
Herriko kirol instalakuntzek erabiltzaileei ematen dien zerbitzua garrantzitsua da Zumaiako Udalarentzat. Hori dela eta, Udalaren ustez, zerbitzu horren aktibitatea ezin da etekin ekonomikoen menpe izan. Hori guztia kontuan izanda, Kirol Patronatua eratzeko prozesua abian jarria du Udalak. Patronatu horren bidez, Zumaiako Udalak zuzenean kudeatuko ditu herriko kirol zerbitzuak.
Kirol Patronatuko estatutuak onartuta badaude ere, Kirol Patronatua bera eratzeko 2012ko aurrekontuak onartzea ezinbestekoa izan da. Bertan zehaztutako diru partida batek bermatuko du, patronatuaren finantzaketa eta egituratzea.
Aurrekontuak onartuta, apirilaren 1ean hasiko da abian Kirol Patronatua. Honek bi helburu nagusi izango ditu: Alde batetik, herriko kiroldegiaren eta beste kirol eraikinen kudeaketa bere gain hartzea; eta, bestetik, herriko kirol ekintzak antolatzea.
Patronatuaren helburua nagusia, ordea, oreka ekonomiko propioa lortzea da; horrela, berak antolatutako kirol ekintzek eta kudeatutako kirol instalakuntzek sor ditzaketen irabaziak berriro ere herriko kirol arloa indartu eta sendotzeko inbertitzea nahi da.
Pausoak
Aurrekontuak onartuta, Kirol Patronatua eratzen hasiko da Zumaiako Udala. Urtarriletik martxoaren 1a bitartean gaur egun azpikontratatuta dagoen enpresak berak kudeatuko du kiroldegia. Martxotik uztailera bitartean kiroldegia kudeatuko duen enpresa aukeratzeko lehiaketa abian da, eta otsailaren erdialdera jakingo da, esleiduna zein izango den.
Bitarte horretan, Kirol Patronatuko zuzendariaren hautaketa proba egingo da, eta hautaketa proba bukatu ostean, eta zuzendaria izendatu ostean, kiroldegia patronatuaren esku geldituko da, eta zuzendari berriak esleituko ditu zerbitzuak.
Langileak
Gaur egungo kiroldegiko langileek berdin jarraituko dute martxoaren 1a arte. Ondoren, lehiaketa irabazten duen enpresako langileak izatera pasatuko dira, gaur egungo baldintza berdinak mantenduz eta patronatuak zerbitzu ezberdinak esleitzen doan heinean, zerbitzu horiek kudeatuko dituen enpresako langileak izatera pasatuko dira.
Erabiltzaileak
Kirol instalazioen erabiltzaileek ez dute aldaketarik nabarituko zerbitzuetan. Gutxienez, berdin mantenduko dira, eta kuotak ere mantendu egingo dira.
Patronatuak kudeaketa eskuratzen duenean, jakinaraziko du aurrera eramango duen proiektu zehatza zein izango den.



