Kirol makina gehiago eta sauna berria jarri ditu Udalak kiroldegian

2018/04/19

Zumaiako Udalak inbertsioak egiten jarraitzen du Lubaki kiroldegiko azpiegitura zein kirol instalazio eta materialak hobetzeko.

Ildo horretan, esaterako, iaz, igerilekuko filtroak konpondu, bertako zein kirol pistako argiak berritu edota kirol makina berriak jarri zituen, besteak beste.

Oraingoan, bide horri jarraiki, hobekuntzak egin ditu gimnasioan zein gizonezkoen gorputz tratamendurako gunean. Gimnasioari dagokionez, iaz jarritako makina berriz gain, 4 bizikleta eta bi eliptika berri jarri ditu oraingoan eta horrez gain, muskulazio atalean, sorbaldak lantzeko makina berria dago erabiltzaileentzat.

Gizonezkoen gorputz tratamendurako gunean, aldiz, sauna berria jarri du, zaharkitua zegoena ordezkatuz.

Aldaketa eta berrikuntza horiek guztiek helburu dute kiroldegiko azpiegitura eta instalazioak hobetzea eta erabiltzaileei ahalik eta zerbitzurik hoberena eskaintzea. Hori lortze aldera, urtean zehar inbertsio gehiago egingo direla aurreratu du Udalak.