Kirol portuaren ondoko zabalgunea aparkaleku gisa antolatuko du Udalak

2010/07/15

223 autorentzako tokia izango du eta astebururako erabilgarri egongo da.

 

Zumaiako herritar zein bisitariek aparkatzeko eremu berri bat izango dute larunbat honetatik aurrera. Izan ere, Udalak kirol portuaren ondoko Saraunea deitutako zabalgunea aparkaleku gisa antolatuko du uda sasoirako. 223 autorentzako tokia izango du eremu berriak eta doakoa izango da bertan aparkatzea.

Andoni Etxaniz Hirigintza zinegotziak azaldu duenez, “azken hilabeteetan Portuetako Zuzendaritza Sailarekin harremanetan izan gara kontu honen inguruan eta azkenean akordio batera iritsi gara. Txomin Agirre kaia eta Mendaro Marinelako lanak direla-eta, zenbait aparkaleku gutxiago genituen herrian, baina esku-hartze honek beste 223 autorentzako tokia egin du. Autoa hor aparkatuta, herritarrek zein bisitariek, txalupa zerbitzua edota tren txu txua erabili dezakete herrigunera hurbiltzeko”.

Udalak tasa bat ordainduko dio Portuetako Sailari baina herritarrentzako doan eskainiko da zerbitzua. Larunbat goizean irekiko dute aparkatzeko eremu berria.