Kiroldegiaren autofinantzaketa lortzeko igo dira zenbait ikastarotako prezioak

2012/09/12

Zumaiako Udal Gobernuak berriro azaldu nahi die herritarrei Lubaki kiroldegiko zenbait ikastaroetako prezioak zergatik igo diren.

 

Lubaki kiroldegian ikasturte berrian eskainiko diren ikastaroetan izena emateko epea zabaldu berri da, eta Zumaiako Udalak zenbait ikastaroetako prezioak zergatik igo ziren azaldu nahi die berriro kiroldegiko erabiltzaileei.

 

Aurtengo ordenantza fiskalak onartzean (urtearen hasieran), onartu ziren kiroldegiko ikastaroetako prezio berriak. Ordenantza fiskalak osatzerakoan, Zumaiako Udal Gobernua konturatu zen zenbaitetan jasotzen zen zerbitzua baino askoz gutxiago ordaintzen zela. Horri irtenbidea emateko ikastaro guztietako prezioak berdindu, eta ikastaro guztiei eskaintzen den zerbitzuarekin bat datorren prezio egokia jarrita onartu ziren ordenantza fiskalak.

 

Ordenantza horiek jende aurrean izan ziren, eta herritarrek beren helegite eta ekarpenak egiteko aukera izan zuten. Beraz, ikasturte berria hastearekin bat, ordenantzetako prezio berriak sartu dira indarrean.

 

Nahiz eta ikastaroetako prezioak berdindu eta garestitu, oraindik ere ikastaroetako erabiltzaileek ordaintzen dutenarekin ez dira kostu guztiak kubritzen. Zumaiako Udalak kiroldegiaren autofinantzaketa lortzea du helburu, hau da, zerbitzuaren erabiltzaileek ordaintzea zerbitzua, eta ez herritar guztien artean ordaintzea.