KIROLDEGIKO 3. HIRU HILABETEKO NEGUKO IKASTAROETAN IZENA EMATEKO EPEA IREKI DU UDALAK

2017/03/09

Ikastaroak astelehenetik ostiralera eskainiko dira goizez zein arratsaldez. Horien artean Cycling, Gap, Aerobic edo Pilates bezalako ikastaro arrakastatsuak errepikatzen dira eta gainera, 7-14 urte bitarteko haurrei zuzendutako zumba klaseak mantenduko dira.

Jada udaberrian sartzera goazen honetan, ikastaro egitarau zabala eta anitza antolatu dute kiroldegiko arduradunek lehorreko zein uretako jarduerekin. Ikastaroak astelehenetik ostiralera eskainiko dira goizez zein arratsaldez eta adin guztietako zumaiarrek, bazkideek eta bazkide ez direnek ere parte hartu ahal izango dute.

Interesdunek kiroldegian izena eman beharko dute gustukoen duten ikastaroan. Guztiek hiru hilabete iraungo dute: 2017ko martxoaren 27tik ekainaren 23ra arte, alegia.  

Lehorreko jarduerak

Cycling, total training, gap, aerobic, pilates, mantentze gimnasia edota jump-eko ikastaroak dira kiroldegiak eskaintzen dituen lehorreko jarduerak.

Horiez gain ezin ahaztu guztien artean arrakastatsuena den ikastaroa, Zumba, alegia. Oraingoan, ikastaro hori 7-14 urteko haurrentzat ere mantenduko da, beraz, guztira, hiru adin multzotan banatuta eskainiko da ikastaroa: 7-10 urteko haurrak, 10-14koak eta 14 urtetik gainerakoak, hain zuzen.

Uretako jarduerak

Uretan murgiltzera animatzen direnentzat, berriz, igeriketa ikastaroak eskainiko ditu kiroldegiak. Eta inoiz ez denez igeri egiten ikasteko berandu, 6 hilabetetik aurrerako haurtxoek ere izango dute haien aukera. Bestalde, 3 urtetik gorako haurren ikastaroei jarraipena emango zaie eta helduei dagokionez, igeri egiteko trebetasunaren arabera lau talde osatuko dira: hastapena, erdi maila, hobekuntza eta hobekuntza +.

Informazio guztia eskuragarri HEMEN