Kiroldegiko azpiegiturak hobetzeko inbertsioak egiten jarraitzen du Udalak

2018/08/17

Abuztua eta irailean, esaterako, hobekuntzak egingo ditu Paddel zein teniseko pistan eta futbol zelaiko porteria atzeko sareak aldatuko ditu. Horrez gain, gimnasioan espazioa irabazteko hainbat aldaketa egingo dira, judoko jarduera eremu egokiago batera lekualdatuko da eta judokentzat aldagela bat ere egokituko da. Urtea amaitu aurretik, halaber, kiroldegiko irisgarritasuna hobetzeko beste zenbait aldaketa egitea ere aurreikusi du Udalak.

Zumaian oro har gero eta herritar gehiagok egiten dute kirola eta Udalak, Lubaki kiroldegia eta bertako azpiegitura zein kirol instalazio eta materialak hobetzeko eginiko apustuaren baitan, inbertsio berriak eginez jarraitzen du.

Aurten esaterako, 200.000€ko kontu saila jaso du aurrekontuetan kiroldegian hobekuntzak egiteko eta ildo horretan, 2018an zehar, gimnasioan makina berriak jarri, gizonezkoen gorputz tratamendurako gunea hobetu edota energia eraginkortasuna hobetzeko inbertsioak egin ditu.

Bide horri helduta, oraingoan, kirol instalazioak hobetzeko lanak egingo ditu Udalak abuztuan eta irailean. Hain zuzen paddel pistako belarra aldatu eta paretak txukunduko ditu eta teniseko pistako lurra ere konponduko du. Horrez gain, futbol zelaiko porteria atzeko sareak ere aldatuko ditu.

Era berean, gimnasioan espazioa irabazteko hainbat aldaketa egingo ditu Udalak. Horien artean, judoko jarduera eremu egokiago batera lekualdatuko du eta aldaketa horren baitan, judokentzat aldagela berri bat ere egokituko du.

Ildo beretik, urtea amaitu aurretik, kiroldegian beste zenbait inbertsio egitea aurreikusi du. Horiek kiroldegiko irisgarritasuna hobetzera bideratuta egongo dira.

Aldaketa eta berrikuntza guztiek helburu dute kiroldegiko azpiegitura eta instalazioak hobetzea eta erabiltzaileei ahalik eta zerbitzurik hoberena eskaintzea.