Kiroldegiko erabiltzaileek dutxak ere erabili ahal izango dituzte gaurtik aurrera

2020/06/18

Hilabete hasieratik martxan dago Zumaiako kiroldegia, prebentzio eta segurtasun neurriak betez. Gaurtik aurrera erabiltzaileek dutxak eta aldagelak ere erabili ahal izango dituzte.

Ekainaren 1etik martxan dago Zumaiako kiroldegia, prebentzio eta segurtasun neurriak beteta. Erabilera mugatua eskaintzen ari dira, eta erabiltzaileek hitzordua hartuta joan behar dute bertara.

Aldi honetan erabiltzaileek ezin izan dituzte dutxak erabili, baina gaurtik aurrera zerbitzu hori ere martxan egongo da. Hala, erabiltzaileek aldagelak eta dutxak erabili ahal izango dituzte, betiere distantzia eta prebentzio neurriak mantenduta.

Aurrez hitzordua hartuta

Kiroldegiko zerbitzuak erabiltzeko ezinbestekoa da aurrez hitzordua hartzea. Horretarako, bazkideek eta kiroldegia erabiltzeko bonuak gehienez hiru eguneko aurrerapenarekin hartu ahal izango dute zita, 943 86 20 21 telefono zenbakira deituta. Bazkideak ez direnek egunean bertan deitu ahal izango dute. 

Erabiltzaileek, gehienez, egun bakoitzean eremu guztiak behin erabiltzeko erreserba egin ahal izango dute. Kardio eta fitness guneetan ordu beteko txandak egingo dituzte; padel eta tenis pisten erabilerarako, orain arteko arauak mantenduko dituzte. Eremuko zaintzaileari ordu-muga luzatzeko eskaera egin ahal izango zaio, betiere momentuan espazio libreak baldin badaude.

Adinekoentzat eta arrisku taldeetako kideentzat lehentasunezko ordutegia jarri dute: 9:30etik 10:30era. Horiek, nahi izanez gero, lehentasunez hartu ahal izango dute hitzordua tarte horretan.

Gainera, familiek igerileku handia erabiltzeko lehentasuna izango dute 16:30etik 17:30era; igerileku txikia egun osoan zehar erabili ahal izango dute familiek, bakoitzak ordubetez.

Ordutegi berria

Kiroldegiak ordutegi berria izango du orain, erabiltzaileek egindako eskaerak kontutan hartuta. Astelehenetik ostiralera 6:30etik 21:30era egongo da zabalik; larunbatetan 9:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 20:00etara; eta igande eta jai-egunetan 9:00etatik 14:00etara.