Klarinete doinuak izango dira nagusi asteburuan Zumaian
Abenduaren 17tik 20ra bitartean VIII. Klarinete Maratoia ospatuko da herrian. Zortzigarren urtez, Carlos Casadó Espainiako Orkestra Nazionaleko kideak gidatuko ditu eskolak. Horrekin batera, hainbat kontzertu eskainiko dituzte bihar hasi eta igandera bitartean.
Klarinete hotsak nagusituko dira asteburuan Zumaian. Izan ere, atzo (abenduak 15, asteartea) aurkeztu zuten abenduaren 17tik 20ra bitartean egingo den VIII. Klarinete Maratoia. Zumaiako Udal Musika Patronatuak eta Udal Musika Bandak antolatzen duten jaialdia, Zumaiako Udalaren babesarekin. Klarinete eskolez gain, hainbat kontzertu eskainiko dituzte igandera bitartean.
Ibon Manterola Zumaiako Udal Musika Bandako ordezkariak azaldu zuenez, hainbat dira Zumaiako Klarinete Maratoia berezia egiten duten arrazoiak: "batetik, ez da ohiko maila desberdinetako musikariak elkarrekin jotzen ikustea, eta maratoi honetan, goi mailako ikasketak egiten ari diren jendearen alboan, klarinetea lehen aldiz hartu duten herriko gaztetxoak aurkituko ditugu". Ildo beretik, ikastaroarekin batera, Zumaian musika zabaltzen dutela gaineratu du: "Maratoiaren aitzakian, hainbat emanaldi antolatzen ditugu eta herriko jendeari musikaz gozateko aukera eskaintzen diogu".
Zortzigarren urtez, Carlos Casadó izango da maratoiko irakaslea. Ibilbide oparoa duen musikari da Casadó, egun, Espainiako Orkestra Nazioanaleko kidea da eta aurrez, beste zenbait orkestra eta proiektutan ibilia. "Maila handiko musikaria da Casadó eta Zumaira zerk erakartzen duen galdetuta, pertsona zein irakasle bezala beti irabazten ateratzen dela erantzuten du", dio Manterolak.
Marisi Sesma zumaiarra izan zen Klarinete Maratoia abian jartzeko lanetan ari izan zen eta egin dituen zortzi hauetan ere hor jarraitu du lanean. Egitarauaz galdetzen hasita, igande arratsaldeko emanaldia azpimarratu du, besteei garrantzia kendu gabe: "Igandean, maila handiko sokazko orkestra batek eskainiko du emanaldia, Casadó eta nirekin batera. Merezi du bertara joan eta entzuteak".
Argazki lehiaketa, aurten lehen aldiz
Aurten, lehen aldiz, argazki lehiaketa antolatu dute maratoiaren barruan. 16 urtetik beherako gaztetxoei zuzenduta dago eta argazki kamera digitala izango da irabazlearentzako saria. Izen-emateak abenduaren 17a baino lehen egin beharko dira, ‘Romatet Argazkiak’ dendan, edo e-mail bidez (info@romatet.es edo zumaiakomusikabanda@yahoo.es).
Argazki lehiaketan ‘Romatet Argazkiak’ dendak lagundu duen bezala, kontzertuak eskainiko dituzte aretoen dekorazioak Txingurri loradendak egingo ditu. Horrez gain, Algorri tabernak eskainiko du ostiraleko Kafe Musikalaren saiorako kafea. Era horretan, Manterolak hiru komertzioei eskerrak eman dizkie eskainitako laguntzarengatik.
Klarinete Maratoiko egitaraua ikusteko sakatu hemen.



