Koadrillen egunean ere genero indarkeria saihestera deitu du Berdintasun sailak
Uda hasiera abiatu zen kanpainak aurrera segitzen du, eta festa egunetan bereziki aktibatzea nahi du Berdintasun sailak. Indarkeria saihestu eta berdintasuna bermatzeko eskatzen duten kartelez beteko dira berriro ere kaleak eta tabernak.
Genero indarkeriaren kontrako borrokak ez du etenik. Udan eta festetan eraso sexistak ugaritzen direla kontuan hartuta, eraso horien kontrako kanpaina abian jarri zuen Berdintasun sailak uda hasieran, eta mezu hori berriz gogora arazi nahi du orain. Izan ere, larunbatean Koadrillen Eguna izango da herrian, eta egun horretan ere mezua argi izatea beharrezkoa da.
Horregatik, eraso sexisten kontrako kartelez beteko da egunotan berriro Zumaia, eta tabernetan ere jarriko dira. Berdintasun sailak eskerrak eman nahi dizkie kanpaina honekin bat egiten duten tabernariei.



